Ekonomia Solidarioa mugimenduan

Ekonomia Solidarioa mugimenduan

2016/11/30

Datorren azaroaren 10ean, 11n eta 12an Ekonomia Solidarioaren Nazioarteko II. Kongresua egingo da Bilbon. REAS Euskadi eta REAS Red de Redes elkarteek antolatu dute biltzarra, EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen parte-hartzearekin, eta hausnarketa eta eraikuntza prozesu kooperatiboa martxan jartzea dute helburu. Prozesu horren amaieran, ekonomia eta gizarte berria eratzeko proposamenak eta konklusioak bilduko dituen dokumentua sortuko da. Gure xedea ekoizpenerako, kontsumorako eta banaketarako bide berrien eraikuntzan aurrera egitea da, pertsonak eta ez etekin ekonomikoak ardatz bezala hartuta eta gure planetak mugak dituela onartuta; hau da, munduaren eta bizitzaren iraunkortasuna eraikuntza politikoaren, sozialaren eta ekonomikoaren erdian kokatuta.

Bigarren kongresu honek Zaragozan antolatutako Ekonomia Solidarioaren Nazioarteko I. Kongresuan landutakoari (http://economiameeting.net/es/) jarraipena eman nahi dio, eta eredu kapitalistaren aurkako praktika eraldatzailea den ekonomia solidarioa indartzen jarraitu. Izan ere, ekonomia solidarioak pertsonei eta euren beharrei, gaitasunei eta lanari lehentasuna ematen die dirua eta kapitala pilatzearen gainetik, eta era berean, eredu sozioekonomiko distributiboagoaren eta bidezkoagoaren alde egiten du. Ekonomia solidarioak ez du ekonomia helburu moduan ulertzen, baizik eta pertsonen eta komunitateen garapenerako bitarteko bezala. Hori lortzeko, pertsonak beraiek eta beren komunitatea eta ingurune naturala jarduera ekonomikoaren muinean egotea proposatzen da, justizia, elkarlana, elkarrekikotasuna eta laguntza bezalako printzipioetan oinarritutako ekoizpenerako, kontsumorako eta banaketarako bideak eraikiz. Modu honetan, ekonomia solidarioak bere erradikaltasuna erakusten du ekonomiak harreman sozial eta politikoetan duen rolaren eta lehentasunen “subertsioa” proposatuz.

Kongresuan parte hartuko duten pertsonek eta elkarteek lankidetzan landu ahal izango dituzten gaietako batzuk ondorengoak izango dira: ekonomia eta giza eskubideak, esku-hartze sozial eta komunitarioa, zaintzaren ekonomia feminista, guztiona denaren kudeaketa, ekonomia sozial eta solidarioaren eraikuntza eta mantenua, kontsumo kritiko eta eraldatzailea, herritarren parte-hartzea ekonomia solidarioaren sorreran, munizipalismoa eta politika publiko solidarioak… Praktikotasunetik ekintzetara bideratutako hausnarketa da, eraldaketa indibidual eta kolektibora zuzendua. Ekonomia solidarioa proposamen ekonomiko, mugimendu sozial eta ekintza politiko transformatzaile moduan indartzea du xede. Gure helburua harreman ekonomiko eta soziopolitikoak birpentsatzea da, zuzenagoa, iraunkorragoa eta solidarioagoa izango den zibilizazio post-kapitalista eraikitzeko.

REAS Euskadi elkartearentzat, kongresuaren antolaketa erronka handia da eta, aldi berean, gure inguruan protagonismoa lortzeko aukera. Azken urteotan, REAS Euskadi sare moduan finkatu eta handitu egin da, elkarte gehiago barne hartuz eta tokiko ekonomian duen presentzia areagotuz. Lanpostu duinen sorrera bultzatu du agroekologian; hondakinen kudeaketan, berreskuratzean eta birziklatzean; pertsonei zuzendutako zainketa eta esku-hartze sozialeko zerbitzuetan, komunikazio eta kultura askean, ostalaritzan, eraikuntza sektorean, zerbitzu osagarrietan… Horrez gain, merkatu sozialen garapenean, merkaturatze kate laburren sorreran, bidezko merkataritzan, energia berriztagarrien salmentan, bertako nekazaritzan oinarritutako kontsumo taldeen eraketan eta abar lagundu du REASek. Horren guztiaren emaitza dira REAS Euskadi osatzen duten 70 enpresa eta elkarteak, 2.860 langilerekin -horietako %60 emakumeak-, 1,6eko soldata-eskalarekin eta 4.300 boluntariorekin. Estatu mailan, REAS Red de Redes elkarteak 507 erakunde eta enpresa biltzen ditu, eta 38.046 pertsona (8.268 kontratatu).

Erakunde eta pertsona horiek guztiak ekonomia solidarioarekin konprometituak daude; transformaziorako bidean jarri dira, beste sare eta mugimenduekin batera mugimendu ekonomiko, sozial eta politikoa bultzatuz, sustraietatik eta behetik gora gure gizartea eta mundu globala guztiz aldatzeko. Ekonomia solidarioa martxan dago jadanik beste ekonomia solidario, feminista, ekologiko eta etikoa posible dela frogatzeko!

Maria Angeles Díez. REAS Euskadiko zuzendaria.

Itzuli