Elkargi Berria: Gizarte Ekonomiarentzako elkarrekiko bermearen espezifikotasunaren sendotzea ala desegitea?

Elkargi Berria: Gizarte Ekonomiarentzako elkarrekiko bermearen espezifikotasunaren sendotzea ala desegitea?

2016/12/01

Azken hilabeteotan Elkargi eta Oinarriren arteko bat egitea arrakastaz burutu da, azkenaren xurgapenarekin. Honela, Euskadi eta espainiar estatuko elkarrekiko berme elkarte (EBE) handiena sortu da, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore honen kontzentrazioa finantza erakunde bakar batean gauzatuz, zeinaren aktibitate nagusia enpresa txiki eta ertainei maileguak lortzeko sarrera erraztea den. Gogora dezagun 50-250 langile bitarteko enpresen pisua desagertu berri den Oinarrin %5ekoa soilik zela, eta ez dirudi erakunde berriaren profil nagusiarekin bat egiten duenik.

Tamaina handi honekin, berme sistemaren barnean Elkargiren (hau da sortu berri den erakundearen izena) egungo lidergoa indartzen da. Bi erakundeetako goi karguen hitzetan “elkartzeak indartsuago egiten gaitu, enpresa guztiengana konponbide berriekin iritsi ahal izateko” eta gainera, bankaren aurrean negoziazio botere handiagoa duelarik, lehiakortasuna deuseztatu baita erakunde ahaltsuago bat lortuz. Honek,  duen kaudimen handiarekin batera, Europar Inbertsio Funtsaren (EIF) homologaziorako bidea errazten dio Elkargi berriari, zeinak aipaturiko erakundearen eta susperraldi ekonomikorako Junker planaren fondoak jasotzeko aukera emango dion.

Finantza sektorean emandako beste mugimendu batzuek ez bezala, badirudi honakoak tokiko, herrialdeko, finantza tresnak indartzen dituela, nahiz eta erakunde pribatu gisa bere bazkideen beharren alde egiten duen azken finean. Zentzu honetan, ez da baztertzen EAE eta Nafarroaz haratago joatea, beste lurraldeetako tokiko EBE ezberdinekin proiektuak bermatuz, euskal enpresek jarduten duten lekuetan.

Bestalde, Espainiako Bankuak eta CERSA-k (Birfinkatzeko Espainiar Konpainia SA, Gobernu espainiarreko Industria, Energia eta Turismoko Ministeritzaren menpekoa) prozesu hau bultzatu dute, estatu mailan bankuek izandako kontzentrazioak tamaina handitzea behartzen omen duelako “inter-lokuzio” handiago baterako.

Kontzentrazioa, banka sektorearentzako finantza aginteek (Espainiar Bankuak, besteak beste) krisiari aurre egiteko neurri bezala proposatu dute, baina berauen ondorioen inguruan iritzi ezberdinak eragin ditu. Joan Ramón Sanchís irakaslea argia izan zen gai honen harira, “Kreditu kooperatiba eta aurrezki kutxek lurralde kohesioan duten funtzioa” europar jardunaldian (ikus bideoak). Batetik, ez delako egia tamaina erabakigarria denik errentagarritasunaren, eraginkortasunaren eta bankuen kudeaketaren hobekuntzan, ez da honelakorik frogatzen duen azterketa enpirikorik. Aitzitik, tamaina handi honek arrisku sistemikoa besterik ez du areagotzen, krisi egoeran erakundeen saneamendua justifikatuz, handiegiak bai dira erortzen uzteko. Bestalde, aipaturiko kontzentrazioa gertutasuneko bankaren modeloaren gainbehera eragiten ari da, ECO/371 Irizpenak zehazten duen biodibertsitatea ahuldu eta desagertarazten duelarik. Irizpen honen aburuz ezinbestekoa da finantza erakunde mota ezberdinen “bizikidetza”, esan gabe doa, beraz, kontzentrazioaren logika biodibertsitatearen ikuspegi horrekin kontraesan garbian dagoela. 

Baina finantza arloan emandako kontzentrazioaren inguruko aurrekariez gain, albistearen balorazio orokor bat egiteko badira kontuan hartzeko zenbait elementu gehiago. Lehenik eta behin, bat egitea ahalbidetzeko, CERSAk %20tik %24ra aldatu zuen EBEaren birfinkatzeko operazioen arrisku biziak CERSAren arrisku bizi totalean duen pisua/muga, jasan zezakeen arrisku ahalmena handituz, erakunde berriak berau bete ahal izateko. Egia da EBE bakoitzak %20an mugatua duela arrisku biziaren kontzentrazioa erakunde bakar bakoitzean, baina fusioak proiektu handiagoak bermatzeko aukera ematen duela ere ezin uka daiteke. Honela, erakunde berria Oinarriren enpresa profila ez izateaz gain, Elkargi ere arrisku gehiago bere gain hartzen arituko litzateke. Bigarrenik, Espainiako Bankuak “Fagor Electrodomésticos”-en lur jotzearen ondorioz Oinarrik Mondragonekin har zezakeen arriskuari jarririko muga kitatzen da operazio honekin.

Albiste ekonomiko askorekin gertatu ohi den bezala, honakoak ere bi irakurketa eskaintzen ditu. Batetik, komunikabide handietan azaldutakoa, ikuspegi triunfalista, ez-kritikoa nahiago bada, zeinaren ustez bat egitea berri itzela den, benetako nazio proiektu dela kontsideratzen baita eta zeinak euskal ekonomi ehunaren beharrei erantzungo dion. Bestetik, aurrekoa ukatu gabe bat egiteak dakarren arriskuaren berri ematen duen ikuspegia, erakundeak har lezakeen arriskua igo litekeelako eta; batez ere, gure gaiari dagokiona, Gizarte Ekonomiarentzako elkarrekiko bermearen espezifikotasunaren desegiteaz ohartarazten duena.

Azken honi lotuta, esan genezake bat egiteak 2001 urtean hasitako norabidean erabat murgiltzea dakarrela, Oinarrik bere jarduera edozein motatako enpresei eskaintzeko erabakia hartu zuenean (hauek erakundearen aktibitatearen erdia izatera iritsi dira), honek suposatzen duen nortasun eta berezitasun galerarekin. Hau da, Gizarte Ekonomiako erakundeentzako tresna zehatz bat izatea uzten hasi zitzaion bide hori hartu zuenetik.

Esandako guztia kontuan izanda, uste dugu badirela auzi batzuk eztabaidagai izan beharko liratekeenak. Egia da Elkargi berriak Gizarte Ekonomiako atal zehatz bat edukiko duela baina; zein punturaino mantendu ahalko du bere dohaina, hau da, Oinarrik enpresa txiki eta ertainekin lan egiteko zuen bizkortasuna eta, aurre egin bere ahultasunari, hots, Gizarte Ekonomiarentzat tresna dela ikustarazi eta ezagutarazteko duen zailtasunari? Bi erakundeen bat egitea estatuko zenbait instituziok babestu izanak, zeintzuek azkenaldian ez duten oso jardunbide egokia erakutsi finantza erakundeen ikuskapenean, ez al luke kezka sorrarazi beharko Gizarte Ekonomiaren sektorean?

 

Jon Morandeira Arca

Aratz Soto Gorrotxategi

Itzuli