Eraldatzeko ekin

Eraldatzeko ekin

2016/11/30

Ekintzailetza boladan dago. Krisiak sorturiko prekarizazio eta langabezia egoeren aurrean, jendarteari, eta batik bat gazteoi, ekintzaile izateko eskatzen zaigu. Gizarteak ezer gutxi eskain diezakegunez, egin dezagula geuk geurez, geure ekinez, geure ekimenez. Mezuak emantzipatzailea dirudi, baina ezkutuan darama zepoa: kapitalaren logikatik egina dator.

Izan ere, gizarte ekonomiako esperientziek berezkoa dute izaera ekintzailea. Kooperatibak, lan elkarteak, gizarteratze enpresak, enplegu zentro bereziak… zer dira ba langileek beren ekimenez abiarazitako edo berreskuratutako esperientziak ez badira? Nola ekin, horretan datza ordea, benetako aldea. Gizartea ekonomia ekintzailetza mota bat baita, baina botere harremanak berdintzean oinarritzen dena, lanerako eskubidea birbanatzeko helburuz egiten dena. Kapitalaren logikatik at, pertsonengan oinarritzen dena, eta hortaz, kapital arazoak sortzen diren testuinguruetan, pertsonak bazterrean lagatzen ez dituena.

Izan ere, krisi kapitalistak sorturiko langabezia arazoei ekintzailetza kapitalistarekin erantzun nahi izatea, egungo hazkunde ereduak sortzen duen egiturazko pobreziari hazkunde eredu berarekin aurre egin nahi izatea bezain antzua baita. Sendabideak berekin dakar gaixotasuna. Irten beharra dago gurpil zoro honetatik, ekin beharra dago, baina alde erantzira, eraldatuz.

GEZKIn, gure inguruko beste gizarte eragile askoren laguntzaz, denboratxo bat daramagu dagoeneko Unibertsitateko Gizarte Hazitegiaren egitasmoa mamitzen. Hazitegiak bestelako ekintzailetza ereduak sustatzeko espazioa izan nahi luke, jabekuntza eskola bat ezer baino lehen: gazteriak ez du agian ziur jakingo zertan nahi duen ekin, bai ordea nola. Edo nola ez. Baztertzaileak diren egitura hierarkikoez urrun, egitasmo berdinzale eta parte hartzaileen bitartez abiarazi nahi lituzke bere bizitza egitasmoak. Baina horretara ez gaude horren ohituak, eginez ikasten da hori ere, eta horretan nahi luke lagundu Unibertsitateko Gizarte Hazitegiaren egitasmoak.

Hazitegiaren egitasmoaren definizioa bera ere modu kolektiboan egiten saiatu ginen, 2015eko urte amaieran antolaturiko bi lan mintegiren bitartez. Bertan, ekintzailetza prozesuen laguntzarako espazio honek zer nola lagundu zezakeen ere eztabaidatu genuen, laguntza teknikoaz gain, laguntza humanoa ere garrantzizkotzat jotzen baitzen. Bestelako gizarte harremanak saiatzeak sor ditzakeen talde gatazkei eta desoreka afektiboei irtenbidea modu partekatuan bilatzea ere, ekintzailetza modu honen emaitza baita. Hazitegiak, eraldaketarako “hazien banku” izateaz gain, hezitegia ere izan nahi bailuke, bestelako gizarte ereduak irudikatzeko entsegu lokala.

Bide hau, esan bezala, modu kolektiboan ibiltzen ari gara, bestelako antzeko esperientziekin modu saretuan eta ekonomia sozial eta solidarioko eragileekin elkarlan estuan. Bide honetan beste geltoki bat da Emaus-eko kideekin batera datorren Irailaren 12 eta 13 egunetarako eskaintzen ari garen Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Kurtsoa, “Unibertsitateko Gizarte Hazitegiak: tokiko garapen sozioekonomikoa sustatzeko espazio eraldatzaileak” lemapean.

Gizarte ekintzailetzan xaxatzen segi nahi baduzu, hortxe duzu aukera. Ekiteko gogoz bazabiltza, ez ezazu bakarrik egin. Konpainia onean, beti hobe. Bertan ikusiko garela espero dut.

 

Enekoitz Etxezarreta. GEZKI UPV/EHU.

 

Itzuli