Euskal Enpresaren Gizarte Erantzukizuna erreskatatzea

Euskal Enpresaren Gizarte Erantzukizuna erreskatatzea

2014/10/31

Enpresaren Gizarte Erantzukizunarekin zer gertatu da? Duela urte gutxi arte; zehazki, krisia hasi zen arte, guztion ahotan zegoen. Boladan zen. Baina badirudi jada ez dela hainbeste aipatzen. Zergatik? Erantzuna sinplea da: enpresa kapitalistak bere esku zuen erreminta horretaz jabetzeko botere mediatiko eta ekonomikoa. Eta, orain zer?

2008an krisia hasi zen arte, enpresa kapitalistak dirua eta esfortzua inbertitzen zituen bere erantzukizun soziala ikusarazteko. Kanpora begira erakusten zuen interes hori, bereziki. Noski, marketin tresna bezala erabiltzen zuten, enpresaren "aurpegia garbitzeko". Baina kontzeptu horrek, berez, enpresaren kulturan eta praxian barneratuta egon behar du, zeharkako lan-ildoa beharko luke izan. Horrela bakarrik bihurtzen da balio erantsia, eta orduan soilik bilakatzen da lehiakortasun jasangarrirako faktore.

Ez litzateke ausarta baieztatzea, krisiaren ondorioz euskal enpresa gehienak gizarte-erantzukizunaren arlotik hasi direla gastuak murrizten. Horren adibide garbia da langileen eskubideak eta baldintza soziolaboralak debaluatu izana.

Era berean, erantzukizun sozialeko rankingetan nagusi ziren, eta oraindik ere badiren, enpresa handiek ez dute zalantzarik egin "gizartearekiko eta ingurumenarekiko kezka" hori bertan behera uzterakoan, euren emaitza ekonomikoak 10 digitutik 8ra pasa direnean. Egia da euren botere ekonomikoari esker ustezko erantzukizun hori euren publizitate diskurtsoetan mantendu ahal izan dutela, baina badirudi dagoeneko inori horrelakorik sinestarazteko argudiorik gabe geratu direla. "Energia berdea" edo "energia soziala" bezalako kontzeptuak entzun eta pobrezia energetikoaren datuak ezagutzen ditugunean, edo "Etxebizitza Sozialen Funtsaz" mintzatzen direnean eta etxetik bota dituzten pertsonen zifrak begiratzen ditugunean, zaila egiten zaigu etika eta koherentzia txikiren bat hautematea enpresa horietan.

Aitzitik, pentsa dezagun gizarte-ekonomiako entitate batean. Inoiz ikusi al dugu baten bat banku eta enpresa energetiko handien mailan? Galdera erretorikoa da. Logikari jarraituz, lehenengo postuetan egon beharko lukete enpresa horiek, gizarte-erantzukizuna euren DNAn baitaramate jaiotzetik; euren idiosinkrasiariaren barne dago, eta ez dute gizartearekiko ardura hori enpresan ezarri beharreko gauza bezala edo bezeroak erakartzeko estrategia moduan ikusten. Badirudi oinarrizko arrazoia dela hori gizarte-ekonomiaren sektoreak izatez berea dena aldarrikatzeko. Krisialdiak, beste behin ere, horretarako aukera eskaintzen du.

Ezin dugu ahaztu enpresaren erantzukizun soziala oinarrizkoa izan daitekeela gizarte-ekonomia bultzatu eta ikusarazteko lan zail horretan, jendartean oso ongi ikusia dago eta. Balio estrategikoa izan daiteke, gizarteak ekonomia sozialeko enpresak alternatiba bideragarri, sendo eta eraginkor gisa hauteman ditzan lortzeko.

Baina horretarako, beharrezko da gizarte-ekonomia erreferentziazkoa izatea, eremu honetan liderra izatea, eta horrela, Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren balio politiko, eraldatzaile eta berritzailea berreskuratzea. Prozesu horretan, oso garrantzitsua da sektorean egiten diren jardunbide egokiak erakustea. Horrek ez lioke enpresari gastu erantsirik eragin beharko, gehienek naturaltasun osoz praktikatzen baitute gizarte eta ingurumen erantzukizuna. Alabaina, esfortzua egin behar da lan hori ezagutarazteko.

Testuinguru horretan, ezinbestekoa litzateke enpresek gizarte eta ingurumen arloetan duten konpromisoa neurtzeko erremintak erabiltzea; baloratzeko, ziurtatzeko eta egiaztatzeko irizpide komunak ezarriz. Bestalde, euskal gizarte-ekonomiako sektoreari zuzendutako ziurtagiri eta rankingak sortzea ere onuragarria izan daiteke entitate horien jardunbide egokiak modu erakargarriago batean nabarmentzeko.

Gure inguruan badaude bide horretan lanean diharduten hainbat erakunde. REAS Euskadik sektorearen eta entitate bakoitzaren errealitatea aztertzen duen Ikuskaritza Soziala ezarri du. 2013an 58 entitatek hartu zuten parte, euren barne ekonomia solidarioaren printzipioak finkatzeko. Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak (Konfekoop) Enpresaren Gizarte Erantzukizunean oinarritutako ADVALUA erreminta bultzatzen du. GRIrekin elkarlanean landu dute eta gizarte-ekonomiari dagozkion adierazle espezifikoak ditu. ASLEk, berriz, elkarteak berak edo SOPRECSek landutako web tresnak erabiltzen ditu; adibidez, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren diagnosia egiteko erreminta, parte-hartzeari dagokionez. EHLABEk uste du garrantzitsua dela desgaitasunaren arloan egindako inbertsioen itzulkin soziala dirutan neurtzea. Mota horretako entitateen erantzukizun sozialaren termometro modukoa da hori. Gureak eta Lantegia Batuak enpresek ere erabiltzen dute.

Azkenik, enpresa kapitalistaren eta gizarte-ekonomiako enpresaren gizarte-erantzukizunean dauden desberdintasunak transmititu beharra daukagu, jendeak ikus ditzan. Lortzen ez badugu, Enpresaren Gizarte Erantzukizunak orain arteko gabezia berak izaten jarraituko du. Zeren zain gaude?

Itzuli