Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra

Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra

2016/11/30

Azken hiru ikasturtetan, 2013-2014tik gaur egun arte, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Donostiako atala) Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa master ofiziala indarrean dago. Arlo horretako eragileen eskariari erantzun nahian GEZKI unibertsitate institutoak masterraren antolakuntzaren ardura hartu zuen eta horretan ondoko erakunde eta sailen laguntza jaso izan du eta jasotzen du gaur egun ere: Hegoa unibertsitate institutoa, Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultatea, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Ekonomia Aplikatua I zein Enpresaren Zuzenbidearen sailak. Halaberean, sektoreko entitate eta erakunde hauek masterraren lankide gisa dihardute: ASLE, KONFEKOOP, Hirekin, EHLABE, REAS Euskadi eta Gizatea. Erakunde laguntzaile gehigarriak dira Eusko Jaurlaritza, finantzazioa bideratuta, eta Euskal Herriko Unibertsitatea azpiegitura eta laguntza teknikoa eskaintzen duena.

Masterraren helburu nagusia gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren eremuko unibertsitate adituak heztea da, zeintzuk lan jarduera edota ikerketarako bidea jorratuko duten. Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa masterraren heziketak arlo honetako oinarrizko gaitasunak eskuratzen laguntzen du eta lanerako eta akademi garapenerako nahitaezkoak diren lanabes teorikoak, enpirikoak eta metodologikoak bideratzen saiatzen da. Heziketa akademiko eta zientifiko honek gizarteak eskatzen dituen profesionalak, akademikoak eta eraldaketa sozial eta ekonomikorako eragileak plazaratzeko beharrari erantzun nahi dio, arreta berezia ipinita hauek erakunde eta entitateetan balore etiko eta solidarioetan oinarritutako esku hartzean.
Masterra erdipresentziala da bere irakaskuntza egiturari dagokionez. Honela bada, gelako jarduerarekin batera ikasleak orduetan baliokidea den norbanako lana eta talde lana garatzen du gelaz kanpo. Hirurogei kreditu osatu behar ditu ikasleak eta horietatik 9 hitzarmena duten erakunde eta entitateetan egindako praktika lanak dira, 9 kreditu ikasturte amaieran ikasleak aurkeztu behar duen masterraren amaierako lana dira eta gainerako 42ak irakasgaietan banatzen dira, bertan parte hartze aktiboa eta lan pertsonal zein kolektibo kritikoa eta sortzailea lehenesten da.

Lehen bi ikasturteetako emaitzak oso positiboak izan dira. Arrazoi ugari daude hau egiaztatzeko. Lehenik, emaitza akademiko arrakastatsuak izan ditugu, izan ere ehuneko laurogeita hamarrak baino gehiagok master amaierako lana aurkeztu du eta kalifikazio bikainak izan dituzte gehienek ere. Masterra inork utzi ez duenez eta gelditzen diren ikasle bakan batzuk master amaierako lana uda honetan aurkeztuko dutela kontuan hartuta emaitza positiboen tasa %100 da. Bestetik, masterraren ondoko laneko sarbide tasa oso garaia da -%90tik gora kokatzen da- eta gainera ikaslearen lan integrazioa gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko erakunde zein entitateetan ematen da ia erabat. Azkenik, aparteko beste aipamen bat egin behar zaio masterraren inguruan sortzen ari den gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren aldeko giza sareari, sekulako ahalmena eta esangura izan dezakeena. Horren adibide bat, ikasle eta ikasle ohiez osatutako ALEA elkartearen sorrera da, honek dagoeneko ekimen interesgarri eta berritzaile ugari sortu ditu gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioarekin lotutako arlo desberdinetan.

Bukatzeko masterrak epe labur eta ertainean dituen erronka nagusiei erreparatuz, gogoan izan behar dugu egoki jokatu beharrean gaudela unibertsitateko kalitate arauek eskatzen dituzten nahitaezko doikuntza administratiboen eta ikasketa kritikorako prozesuaren garapenaren arteko oreka mantentzeko ahaleginean. Oso gainean dugun erronka zuzena masterraren nazioarteratze prozesuarekin lotuta dago. Prozesu honek Europa zein Amerikako gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioaren arloan beharrezkoak diren nazioarteko sare akademikoak eraikitzen lagun dezake.

Mikel Zurbano Irizar
Masterreko Zuzendaria
UPV/EHU-ko Ekonomia Aplikatuko Irakasle Titularra

Itzuli