Gizarte Ekonomia Euskadin, inoiz baino beharrezkoagoa

Gizarte Ekonomia Euskadin, inoiz baino beharrezkoagoa

2013/02/15

Carlos Askunze
REAS Euskadiko (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea) koordinatzailea eta Gizateako (Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea) kudeatzailea

Gizarte Ekonomiak, bere adierazpide anitz eta askotarikoekin, gure komunitatean errotze eta tradizio handia du. Hargatik da esparru egokia, egungo krisiaren testuinguruan, bestelako praktika eta begiratu ekonomikoak mantentzeko, pertsona kapitalaren aurretik jarriz, jarduera ekonomikoan parte hartze demokratikoa sustatuz eta lurraldearekiko konpromisoa mantenduz tokiko garapena bultzatzeko.

Gizarte Ekonomiaren jatorria, kapitalismoaren lehen aroan sorturiko gizarte-arazoei bestelako erantzunak aurkitzeko beharrizanean kokatzen da. Gaur egunean, sistema kapitalistaren funtzionamendu krisia agerikoa denean, beharrezkoa da Gizarte Ekonomiaren gisako bestelako praktika eta kontzepzio ekonomikoak aldarrikatzen dituzten proposamenei bide emateko dugun abagunea nabarmentzea. Azken finean, beren jarduera pertsona eta komunitateen mesedetan garatuz, ekonomia begiratzeko ikuspegi normatibo eta etiko berriak bultzatzean datza kontuak. Ekonomia ez dadin izan helburu bat bere horretan, ongizaterako bitartekoa baizik. Eta pertsonak eta herriak izan daitezen beren norabidearen gidariak, eta ez merkatuak, finantza erakundeak eta enpresa transnazionalak, gaur diren bezala.

Gizarte Ekonomiak, bere adierazpide anitz eta askotarikoekin, gure komunitatean errotze eta tradizio handia du. Hargatik da esparru egokia, egungo krisiaren testuinguruan, bestelako praktika eta begiratu ekonomikoak mantentzeko, pertsona kapitalaren aurretik jarriz, jarduera ekonomikoan parte hartze demokratikoa sustatuz eta lurraldearekiko konpromisoa mantenduz tokiko garapena bultzatzeko.

Baina potentzialtasun horiek dituen neurri berean, Gizarte Ekonomiak bere hazkunderako erronka berriak ageri ditu, baita aro honek aurkezten dizkigun galderei erantzun eraginkorrak emateko ere. Honela, lehen lehenik, honen funtzio sozial eta ekonomiko eraldatzailea indartzea beharrezkoa da, eta horretarako, praktika konkretuen garapenaz harago, betetzen duen funtzio politikoa ere birdimentsionatu behar da. Funtzio hori komunikaziorako eta gizarte-sentsibilizaziorako ahalegin handiagoaren bitartez garatu behar litzateke, baita erakunde eta eragile ekonomiko, politiko eta sozialekin interlokuzio ahalmen handiagoa lortuz ere.

Era berean, “familia” ezberdinen arteko elkar hartze handiagoa desiragarria da, horien artean diferentziak izan arren (tamainan, ibilbidean, ikuspegian, lehentasunetan, ) guztiek partekatzen baitute euskal Gizarte Ekonomiaren esparrua. Erakunde guzti horien enkontru eta komunikazioa zabaldu dute berriki Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiak abiaturiko esperientziak eta baita 2012ko otsailaren 1ean ospaturiko Euskadiko Gizarte Ekonomiaren Jardunaldiak ere. Jardunaldi hau KONFEKOOP-ek bultzatua izan zen eta sare guztiek parte hartu zuten honen antolakuntza eta manifestu partekatu baten aurkezpenean. Beraz elkarlanerako eta harreman egonkorrerako esparru bat sortzea beharreko deritzogu, epe ez hain luze batean, eta adostasun nahikorik izanez gero, euskal CEPES baten eraketan gorpuztu daitekeena.

Eta enkontruaz eta harremanaz harago, egitasmo bateratuak garatzeko eta euskal Gizarte Ekonomiaren esangura eta eraginkortasuna handitzeko lankidetzarako esparruak sortzea beharrezkoa da. Lankidetzarako esparru horiek emaitza ezberdinetan islatu behar lirateke, besteak beste, enpresa kudeaketan eta pertsonen parte hartzean hobetzeko gizarte-berrikuntzarako lanabesak garatzeko ekimenetan, merkataritza zirkuitu zabalagoak bultzatzean, Fiare Banka Etikoaren gisako finantza lanabes kooperatibo berrien garapenean, enpresen gizarte-erantzukizunean gizarte-bazterketan diren pertsonak laneratzeko helburua barneratzean, tokiko giza garapenerako planak bultzatzeko beste erakunde eta elkarteekin eginiko elkarlanean etab.

Eta nola ez, euskal Gizarte Ekonomiak bere eguneratze eta etengabeko berrasmakuntzarako erronka garrantzitsu bat du aurrean: prestakuntza eta ikerkuntzarako esparruak bultzatzea, bereziki unibertsitateekin lan partekatua sustatuz kurtso espezializatuak, gradu osteko tituluak, ikerketa egitasmoak, argitalpenak, jardunaldi eta kongresuak, etab. antolatzeko.

Honela, hain beharrezkoa zaion ikusgarritasuna irabaziko du Gizarte Ekonomiak euskal gizartean, ekimen eta enpresa kopuruan hazi ahal izango gara, eta bereziki, kontsumo, merkataritza, finantzazio eta ekoizpen esparru alternatiboak eraikitzeko beharrezkoa den herritarren babes aktibo eta kontzientea zabalduko da, beren baliabide, konpromiso edo parte hartzearekin. Garai ilunotan, esperientzia ekonomiko bidezkoago, inklusiboago eta solidarioagoak sortzea ahalbidetuko duten esparru propioak behar ditu euskal Gizarte Ekonomiak.

Itzuli