Iritizia Itziar Villafañez, GEZKIko kide eta zuzenbide konkurtsalean eta kooperatiboan aditua:Fagorreko bazkideak, konkurtsoaren harira: zuzenbide konkurtsalari eta kooperatiboari buruzko apunte batzu

Iritizia Itziar Villafañez, GEZKIko kide eta zuzenbide konkurtsalean eta kooperatiboan aditua:Fagorreko bazkideak, konkurtsoaren harira: zuzenbide konkurtsalari eta kooperatiboari buruzko apunte batzu

2014/10/31

Fagor Etxetresna Elektronikoak konkurtsoan sartu izanak arazo juridiko garrantzitsu bat mahai gainean jarri du: nola aplikatzen den konkurtsoen araudia kooperatibetan. Egia esan, ez da lehenengo aldia kooperatiba bat konkurtsoan jartzen dela, baina kasu honetan alderdi ezberdinak daude jokoan, Fagorren eta Mondragon korporazioaren dimentsioaren, konplexutasunaren eta nazioarteko oihartzunaren ondorioz.

Orokorrean, prozedura konkurtsala kolektiboki gauzatzen den prozedura da eta hartzekodunak asebetetzea du helburu, zordunak bete beharreko arau berezi batzuk ezarriz. Beti ere, pars conditio creditorum printzipioa errespetatuz, hau da, hartzekodunei tratu parekatua emanez, kasu batzuetan izan ezik: ordenamenduak kreditu batzuk pribilegiatuak edo mendekoak direla dioenean.

Era berean, xede nagusia ahaztu gabe, Lege Konkurtsalak enpresaren jarduerak jarrai dezan saiatzen da. Horretarako, orokorrean, hitzarmen konkurtsala aurrera eramaten ahalegintzen da, konkurtsoari irtenbidea emateko modu gisa. Hala ere, kontuan hartu behar dugu konkurtso gehientsuenak likidazioan amaitzen direla, enpresak oso egoera txarrean iristen baitira prozesu horietara. Nahiz eta soluzioa likidazioa izan, ekoizpen unitateen transmisio bateratua erraztuko litzateke.

Kooperatiben kasuan, lege konkurtsalak berez eragiten dituen zalantzez gain, kooperatiben legediak dakartzan dudak daude; izan ere, azken arau hori oso ezezaguna da oraindik ere.

Fagor Etxetresnak Elektrikoak enpresaren konkurtsoa bereziki konplexua izango da ziurrenik; besteak beste, kooperatiba talde baten kide delako eta nazioartean hedatua dagoelako. Kontuan hartu behar dira, gainera, enpresaren egitura finantzarioa eta bazkide kooperatibisten berezitasunak.

Momentu honetan interesgarria deritzogu prentsan landu dituzten bi alderdi azpimarratzea, kasu batzuetan ez baitituzte zehaztasun handiz azaldu.

Batetik, bazkideen ekarpenen jatorria aztertu nahi dugu. Puntu horretan, Euskadiko Kooperatiben Legea argia da, baita bere Garapen Araudia ere. Testuak dio kooperatiben kapital soziala bazkideen ekarpenek, bai nahitaezkoek eta bai borondatezkoek, osatzen dutela. Legeak ondorengo ekarpenak ere kontuan hartzen ditu: epemuga kooperatibaren likidazioarekin batera daukaten menpeko finantzazioak; izan ere, horien erregulazioa kapital sozialarenaren oso antzekoa da (adibidez, epemuga aurreratzen denean hartzekodun sozialei ematen zaien babesari dagokionez) eta, beraz, finantzazio horien benetako jatorria eztabaidagarria izan daiteke.

Horregatik, gai honen inguruan azaldu diren iritzi batzuk benetan harrigarriak dira:
ekarpen boluntarioak egin dituzten bazkideak hartzekodun (eta hartzekodun pribilegiatu) bilakatuko liratekeela diotenak, hain zuzen. Dudarik gabe, ekarpen boluntarioak kooperatibaren kapital sozialaren barne daude, eta beraz enpresaren arriskuak eragiten die. Gauza bera gertatzen da kooperatibak derrigorrean itzuli behar dituen eta pasibo finantzario gisa kontabilizatu dituen ekarpenen kasuan. Nazioarteko Kontabilitate Arauei jarraiki bereziki espezifikatu baita, pasibo finantzario gisa kontabilizatu arren, ekarpenak kapital soziala izaten jarraitzen duela Merkataritza Zuzenbidearen arabera.

Hori bai, orain arte esandakoaz gain, posible litzateke ekarpenen arazoa kontratu guztien onespenaren ikuspegitik aztertzea, baita administrazio sozialaren jarrera ere ekarpen horiek eskaini eta onartzean. Baina gai horiek idatzi honen helburuetatik at daude.

Bazkide kooperatibisten erantzukizun erregimenari buruzko eztabaida ere polemikoa da. Eztabaida horren jatorria Euskadiko Kooperatiben Legearen itxurazko kontraesanean dago. Izan ere, alde batetik, bazkideen erantzukizuna kapitalari egin dioten ekarpenetara mugatua dagoela adierazten du, eta bestetik, eurei galerak egoztea aurreikusten du.

Interpretazio ezberdinak defenda daitezkeen arren, gure ustez, bazkideei galerak egozteko posibilitateak ez luke, inolaz ere, euren erantzukizun mugatua indargabetu beharko. Aitzitik, sozietatea kapitalik gabe gera dadin ekiditeko mekanismo bat izango litzateke, eta bazkideek Legeak aurreikusten dituen aukeren artean aukeratu beharko lukete. Ezin ahantz genezake bazkideei mugarik gabe galerak egotziko balitzaizkie (barne erantzukizuna edo sozietatearekiko ardura), interpretazio batzuekin egin nahi duten moduan, kanpoko erantzukizun mugatua (edo sozietatearen zorretatik eratorritakoa) erremediorik gabe edukirik gabe geratuko litzatekeela.

Hori dela eta, galerak sozietatearen erreserbekin ordaindu ezin daitezkeenean, zuzenagoa dirudi defendatzea bazkideek ondorengo alternatiben artean aukeratu beharko luketela: galerak kapitaleko ekarpenei egoztea (horrek kapitala murriztea eragingo luke eta beste hainbat ondorio izango lituzke) edo Legeak jasotzen dituen gainontzeko bideak hartzea (beste finantzazio batzuk, etorkizuneko itzulkinak edo zuzeneko ordainketak) kapital soziala mantendu ahal izateko. Euskadiko Kooperatiben Legearen arauak bere osotasunean interpretatzeak irtenbide hori sustatuko luke.

Puntu horretan, beharrezkoa izango litzateke konkurtsoan sartutako kooperatibek euren Batzar Orokorretan lortutako akordioak aztertzea, bazkideei galerak egozteko moduari buruz adostutakoa ezagutzeko.

 

Itziar Villafañez

EHUko irakasle eta GEZKIko kidea

Itzuli