Iritzi: Maria Ubarrechena, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaria

Iritzi: Maria Ubarrechena, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaria

2014/10/31

GIZARTE EKONOMIA: ENPRESA ARRAKASTATSUA SORTZEKO EREDUA

Gizarte Ekonomia funtsezko eta ibilbide luzeko sektorea da Euskadin. Batez ere, Gizarte Ekonomiaren barruan kooperatibismoari buruz ari bagara.

Euskadin kultura ekintzaile garrantzitsu bat egoteak gure gizartea nazioarte mailan aurreratua eta lehiakorra izatea ahalbideratu du.

Argi eta garbi esan genezake euskal kooperatibismoa erreferentzia puntu bat dela, ez bakarrik estatu mailan, baita mundu mailan ere. Ez dugu ahaztu behar Europan zehar garrantzia berezia ematen ari zaiola Gizarte Ekonomiaren sektoreari.

2012ko azaroaren 20an Europako Parlamentuak “Europako Gizarte Enpresa” ekimenaren txostena onartu zuenetik, herrialde askok sektore honen alde egingo dutela ikusi dugu. Izan ere, lanpostuen kalitatea sustatzen duen eta gizarte bazterkeriari aurre egiten dion sektoretzat jotzen da.

Guztien ongiari zuzendutako enpresak giltzarri direla ez da kontu berria. Egungo gizartean, enpresek aurrera jarraitu ahal izateko gizarteari ekarpen onargarri bat egin behar diote. Horregatik, Europa mailan proposamen metodologikoez hitz egiten hasi dira enpresa horiek gizartean eta ekonomian duten inpaktua neurtzeko. Zentzu horretan, EAEn urteak dira Gizarte Ekonomiaren Kontuen txostena idazten dutela, datuekin adierazten saiatzeko zer ekarpen egiten duen benetan sektore honek, alde batera utzita ohiko merkataritza enpresak edota bestelako entitateak .

Europar Batasunak finkatutako Estrategia 2020 planeko lehentasunezko helburuek antza handia dute enpresa horiek enplegua mantentzeko arloan eta gizarte bazterkeriari aurre egitean sortzen duten balio erantsiarekin.

Garaiari egokitzen diren enpresak dira malgutasun horri esker egoera txarretan bizirik irauten dutenak.

Lankidetza, elkarlana eta erantzunkidetasuna batzen dituen lan egiteko modu honek ahalbideratzen du parte hartzea maila gorenera iristea. Langileek parte hartzen dutenean, akordio sendoak adosten dira. Enpresak lortu nahi dituen helburuak edo xedeak langileek erabakitzeak enpresa sendo mantentzea ahalbideratzen du. Horixe da Gizarte Ekonomiako enpresen lorpenetako bat.

Arreta gehiago jarri beharko genieke honelako enpresa ereduei eta konturatu egun Euskadin ematen diren borroken eta lan-harreman zailen ordez, geure lurraldean ere beste enpresa eredu bat posible dela frogatu diguten pertsonak ditugula.

Ekonomia honi esker, Euskadin 76.000 lanpostu baino gehiago bermatu dira. Sektore hau gure barne-egitura sozio-ekonomikoaren berezko osagaia da eta horren sustapenean eta garapenean sakondu behar dugu. Izan ere, DNAn txertatuta du parte hartzearekin, demokraziarekin eta erantzunkidetasunarekin bat datorren gauzak egiteko modua.

Laburbilduz, sustatu edota berreskuratu beharko genituzkeen baloreak.

Maria Ubarrechena
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaria

Itzuli