Iritzia: Aitor Bengoetxea, GEZKIko zuzendaria

Iritzia: Aitor Bengoetxea, GEZKIko zuzendaria

2014/12/29

Baleren Bakaikoa aurki jubilatuko denez, abendu honetan GEZKIko Zuzendaritzan aldaketa egon da, eta Institutuko gure lankideek Aitor Bengoetxea (Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko Irakaslea) eta Enekoitz Etxezarreta (Ekonomia Aplikatuko Irakaslea) hautatu gaituzte, hurrenez hurren, Zuzendari eta Idazkari gisa.

Beraz, GEZKIko bi jakintza esparru akademiko nagusietatik gatoz, zuzenbidea eta ekonomia, gure Institutuko izenak jasotzen duen bezalaxe, Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua, eta uztardura hori indargune bihurtu nahi dugu.

Atzera begira, lehenik eta behin, 1986an GEZKI sortu zutenen ekimena aitortu nahi dut, eta harrez geroztik egindako ibilbide oparoa. Zalantzarik gabe, izan direlako gara. GEZKIk lortu duen ospea eta aitorpena egindako lanaren ondorioa da.

Asko izan dira GEZKIk hogeita bost urte baino gehiagotan egindako jarduerak, eta horiek jarraitu, bultzatu, eta zabaltzea da gure asmoa.

 

Egungo krisiak Gizarte Ekonomiaren eredua indartu egin du, alternatiba gisa, ekonomia pertsonen zerbitzura jartzeko, eta ez alderantziz. Zikoizkeriaren ekonomiak eman dituen zorigaiztoko emaitzak begi bistakoak dira, azken bosturteko bilakaera soziekonomikoak erakutsi digun moduan. Langabezian dauden pertsona kopuruaren gorakada ikusgarria, enpleguaren kalitatearen beherakada, eta gizarte bazterketako egoeran, edo egoteko arriskuan, dauden pertsonen gorakadak, esandakoa frogatzen dute.

 

Baina, Gizarte Ekonomiak duen potentzialitate handiaz gain, bere defizit nabarmen gisa dugu gizartean oro har, eta baita ere unibertsitatean, duen ikusgarritasun eskasa. Horrexegatik, GEZKIk lagundu behar du gizarte ekonomiaren ikusgarritasuna eta potentzialitatea gizartean nahiz esparru akademikoan hedatzen.

GEZKI Ikerketako Institutu izanik, ikerketa proiektu asko garatu ditu bere ibilbidean zehar. Gai zehatzak ikertzeaz gain, ikuspegi orokor batekin, OVES-GEEB behategia azpimarratu behar dugu. Entitate hau 2008ko Euskadiko Legebiltzarraren ebazpen batetik jaio da, indar politiko guztien ahobateko babesaz, Gizarte Ekonomiaren bilakaera eta ezaugarrien azterketa orokorrerako tresna gisa, sektoreko agenteekin elkarlan estuan. Hileroko boletin hau, eta Euskadiko Gizarte Ekonomiaren egoerari buruzko txostenak balio handiko tresnak dira, gaiari buruzko ezagutza eta ikerketan sakontzeko.

Irakaskuntzari dagokionez, GEZKIk bultzatu eta lortu du Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Master Ofiziala abiarazteko baimen akademiko zorrotza, eta une honetan bigarren edizioan gaude. Masterrak balio behar du gizarte ekonomian diziplinarteko formazioa emateko, gure arloko profesional eta ikerlari berriak prestatuz.

 

Aipamen berezia merezi du ere Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkaria (GEEA-REVES) gure aldizkariak, 2004 urtean jaiotakoa, eta harrez geroztik ibilbide oparoa egiten ari dena, duela gutxi 11. alea argitaratu da, ikerketa eta zabalkunderako bidegurutze gisa.

 

GEZKIk beti beste erakundeekin elkarlanerako apostua egin du. GEZKIren helburuak betetzeko, Gizarte Ekonomia indartu eta hedatuz, elkarlana tresna eraginkorra izateaz gain, ezinbestekoa da. Horregatik, orain arteko entitateekin dagoen interkooperazioa mantendu eta beste agenteengana zabaldu nahiko genuke, gure lana zabaldu eta eragin biderkatzailea lortzeko asmoz.

 

Interkooperatzeko eragileen zerrenda luzea da. Sektore publikoan, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren lana azpimarratu behar dugu, GEZKI babestu baitu hasieratik. Gainera, gure asmoa da lankidetzan aritzea Euskal Herriko beste agente publikoekin. Esparru pribatuan, gure lana unibertsitateko esparrura ez mugatzeko, ezinbestekoa da elkarlanean aritzea sektoreko agenteekin, egunero euskal gizarte ekonomia biziberritzen baitute, besteak beste, kooperatibek, lan-sozietateek, enplegu zentru bereziek, eta gizarteratzeko enpresek. Unibertsitearteko esparruan, berriz, gure egitasmoa, aurrerantzean ere, guk bezalaxe gizarte ekonomiako gaietan irakaskuntzan, ikerkuntzan, eta zabalkundean ari diren entitate unibertsitarioekin elkarlanean jarraitzea da.

 

Gizarte ekonomiaren ezaugarria baldin bada pertsonen zerbitzura egotea, idazki hau bukatu behar da azpimarratuz GEZKIren bizitza eta jarduera berau osatzen duten pertsonengan oinarritzen dela, une honetan, 34; 27 kide gisa, UPV/EHUrekin duten loturagatik, eta beste 7ak lankide modura, gure unibertsitatetik kanpo diharduten gizarte ekonomiako esparru desberdinetako profesionalak.

 

Azken finean, asmoa da gure Institutuaren jarduera mantentzea eta indartzen saiatzea da, erronka ilusioz eta arduraz hartuta.

 

Amaitzeko, 2015 urte berrirako benetako arrakasta opa nahi dizuet, bere zentzu zabalenean, pertsonala eta gizarte mailakoa.

 

Donostian, 2014ko abenduaren 26an.

 

Aitor Bengoetxea

GEZKIko Zuzendaria

 

Itzuli