Iritzia Aitor Bengoetxea, GEZKIko Zuzendaria: OVES/GEEB 2016: Birdefinizioa

Iritzia Aitor Bengoetxea, GEZKIko Zuzendaria: OVES/GEEB 2016: Birdefinizioa

2016/11/30

Ideia nagusia ikerkuntzan sakonago aritzea da, ikerkuntza GEEBaren jarduera ardatz nagusi bilakatzeko bidean. Euskal Herriko gizarte ekonomiaren dinamikaren ezagutza handiagoa eta zehatzagoa lortzea dugu xede. Horretarako, datu sozioekonomikoen lanketaz gain, horien gaineko interpretazio eta balorazio lan sakonago baten bitartez proposamen ezberdinak mahai gaineratzea da gure asmoa.

Hori guztia GEEB-aren Batzorde Aholkulariko kide guztiekin lankidetzan egin nahi dugu: Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza, egun EGES-en ordezkatuak dauden sektoreko erakundeak, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea.

GEEB-aren birdefinizioaren erronka hiru jarduera ardatz nagusitan jorratuko dugu: euskal gizarte ekonomiaren ustiapen sozioekonomikoa lehenik, analisi juridiko-politikoa bigarrenik, eta jarraipen zientifiko-akademikoa, azkenik.

Azterketa sozioekonomikoa sektorearen datuen eta horien bilakaeraren gainean burutuko da. Analisi horren trataerari balio erantsia emateko, informazioa modu geo-erreferentziatuan aurkeztu asmo dugu. Hortik abiatuta, sektorearen adierazleak bestelako adierazleekin (enplegua, BPG, I+G, …) gurutzatzeko saioa egingo dugu, analisiari lurralde ikuspegia erantsiz, eta tokian tokiko proposamenak bideratuz.

Esparru juridiko eta politikoari dagokionez, arautegi ezberdinak eta arau mailarik ez duten dokumentuak (soft law) aztertuko ditugu. Gizarte ekonomiaren inguruan onarturiko arau, jurisprudentzia eta ekimen politikoak jasoko ditugu. Ikuspegi zabalarekin, nazioarteko zuzenbide alderatuan murgilduz. Esparru juridikoaren deskribapen eta jarraipenaz gain, honen bilakaeraren gaineko balorazioan sakonduko dugu, honek euskal esparruan duen eragina aztertuz.

Gizarte ekonomiaren inguruko ekoizpen doktrinala jasotzea eta sistematizatzea izango da, azkenik, ardatz zientifiko-akademikoaren egitekoa. EHUren liburutegiaren baitan egun ez dugun espazio konkretua sortzeko saiotik hasita.

Aipaturiko hiru jarduera-ardatz horiek maiztasun batekin txosten monografikoetan jasotzea izango dugu helburu, eta honez gain, euskal gizarte ekonomiaren urteko txostenarekin jarraituko dugu, txosten honi urtean zehar sorturiko berrikuntza normatibo eta doktrinalak gehituz.

Ilusioz beterik abiatzen dugu urtea beraz, eguneroko lanarekin espero ditugun emaitzak erdiesteko esperantzaz.

Aitor Bengoetxea Alkorta
GEZKIko zuzendaria

Itzuli