Iritzia: Baleren Bakaikoa Azurmendi, GEZKI zuzendaria eta OVES/GEEBeko presidentea

Iritzia: Baleren Bakaikoa Azurmendi, GEZKI zuzendaria eta OVES/GEEBeko presidentea

2014/10/31

Urtea amaitzear da eta balantze orokorrak zein sektore mailakoak egiteko ordua iritsi zaigu. Euskal Gizarte Ekonomiarentzat urte zaila izan da; izan ere, gure sektoreak, ekonomia orokorrari gertatzen zaion moduan, 2008an hasitako krisi larrian sartuta segitzen du. Atzeraldi horrek datorren urtean ere jarraituko du, nahiz eta gobernuko zoritxar-igarleek “lehenen kimu berdeak” agertzear daudela sinestarazi nahi diguten.

Krisiak eragina du Gizarte Ekonomiako enpresetan, eta ez gutxi. Mondragon korporazioko Fagor Etxetresna Elektronikoak kooperatibak hartzekodunen konkurtsoan sartu da eta kooperatiba bera hornitzen zuten enpresa asko atzetik joan dira, besteak beste, hainbat kooperatiba. Ondorioz, dagoeneko maila altuan dagoen langabeziak gora egin du.

Agerikoa da Gizarte Ekonomiako entitateak lanpostuak galtzen ari direla. Hala ere, galera hori enpresa tradizional kapitalistetan baino leunagoa da, OVES-GEEBren 2012ko Euskal Gizarte Ekonomiako txostenak emandako datuetatik ondoriozta daitekeen moduan. Fagor Etxetresna Elektronikoak enpresarekin lanpostu ugari desagertu badira ere, aurtengo langabezia datuak neurtzerakoan espero dugu, oraindik ere, sektore honek beste batzuek baino lanpostu gutxiago galdu dituela baiezta ahal izango dugula.

Gizarte Ekonomiaren sektorean gertatutakoaren balantzea egiterakoan, ezin ahantz genezake Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Unibertsitate Master berria. 2013-2014 ikasturtean hasitako ikasketa programa hori Konfekoopek, ASLEk, Hirekinek, Ehlabek eta Reas-Gizateak bermatzen dute. Beraz, ikus dezakegu euskal Gizarte Ekonomiako entitate nagusien eta unibertsitate publikoaren interesek bat egiten dutela.

Aurreko ikasturtean ebaluaketa luze eta zaila egin ostean, pasa den irailean jarri genuen martxan masterra. Aurreikuspenak oso altuak ziren eta ikasle ugari erakarri zituen programak, bai bertakoak eta bai kanpotarrak. Zoritxarrez, ezin izan genituen interesa zuten ikasle guztiak matrikulatu, masterren araudiak ikasle kopuru mugatua ezartzen baitu ikasketen kalitatea bermatzearren.

Ekonomia Sozial eta Solidarioko irakaskuntza arautuaren osagarri gisa mintegiak eta jardunaldiak dituzte ikasleek. Programa hori interesgarria da graduondokoa egin nahi duten ikasleentzat, baina gehienek bokazioagatik aukeratzen dute. Gainera, enpresa tradizionaletan edo sektore publikoan lana topatzeko aurreikuspen urriak daude egun; eta beraz, autoenplegua eta parte hartutako enpresak erakargarriak dirudite.

Ikasleek titulua lortzeko 270 orduko praktikak egin behar dituzte Gizarte Ekonomiako enpresaren batean, eta master amaierako lana idatzi behar dute. Batzuek enpresetan jardungo dute eta beste batzuek sektoreko erakundeetan.

Ikasketak bukatu ostean, lan merkatuan sartzeko edo doktoretza burutzeko aukera izango dute ikasleek. Ibilbide profesionala hautatzen dutenek Euskal Unibertsitate Publikoko Enplegu Zerbitzuaren laguntza izango dute, bai lana aurkitzeko eta bai euren gizarte enpresak sortzeko.

2014a urte zertxobait bat hobea izatea espero dugu eta Gizarte Ekonomiako enpresek gora egin eta lanpostuak sortzen jarrai dezaten desio dugu. Horrela, gure ikasleek lana topatzeko edo sortzeko aukera gehiago izango dituzte.

 

Baleren Bakaikoa Azurmendi

UPV/EHUko Ekonomia Aplikatuko Katedraduna

GEZKI Institutuko zuzendaria eta OVES/GEEBeko presidentea

Itzuli