Iritzia: Hugo Baroja, LANTEGI BATUAKeko Presidentea, 30. urteurrenaren harira.

Iritzia: Hugo Baroja, LANTEGI BATUAKeko Presidentea, 30. urteurrenaren harira.

2014/10/31

Helburu soziala duten entitate hauek Ekonomia Sozialaren parte dira. Gure lan merkatuan duten garrantzian zentratzearren, EAEko enpresa sozialen inguruko datu batzuk emango ditugu, batez ere Enplegu Zentro Berezien eta Laneratze Enpresen ingurukoak.

Euskadi Enplegu Zentro Berezien sektorean nagusi da Estatuan. Kalifikazio hori duten 98 enpresa daude EAEn, gehienak irabazi asmorik gabeko eta ekimen sozialeko entitateek bultzatutakoak. Guztira, minusbaliotasunen bat duten 6.500 pertsonei lana ematen diete eta 145.759.000 euro fakturatzen dituzte. Sektore horretan gure autonomi erkidegoak duen garrantziaren inguruan ideia bat egiteko, Estatuan 1.775 zentro daude, minusbaliotasunen bat duten 52.600 pertsonei ematen diete lana eta 1.067.303.000 euro fakturatzen dituzte.

Lan aukerak sortzen dituzte lan txertatze eta gizarteratze kudeaketen bitartez, pertsonalizatuak eta bakoitzaren ahalmenetara egokituak, eta minusbaliotasun mota ezberdinak dituzten pertsonak sartzen dituzte lan munduan: adimen minusbaliotasuna, minusbaliotasun fisikoa, sentsoriala, buru nahasmenduak, garun-paralisia, buru traumatismoa edota lan edo trafiko istripuek eraginda behin-betiko ezintasunak dituzten pertsonak. Irabazi asmorik ez duten euskal enplegu zentro bereziak 1987tik EHLABE (www.ehlabe.org) izeneko elkarte batetan bilduta daude. Sortu zenetik, Lantegi Batuak entitate horren parte da.

Euskadin Txertatze Enpresak ere badaude. Enpresa sozial mota bat da, hirugarren sektoreko ekimen sozialeko entitateek bultzatutakoa. Baztertze arriskuan dauden pertsonen laneratzea sustatzeko lanean dihardute (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak, etorkinak, droga kontsumitzaile ohiak, familia karga duten emakumeak edota etxe barruko indarkeria jasaten duten emakumeak, 45 urte baino gehiago duten pertsonak, iraupen oso luzeko langabeak…). Guztira 41 txertatze enpresa dira, baztertze arriskuan dauden 375 pertsonei lana ematen diete eta 16.844.000 euro fakturatzen dituzte. Estatuan, berriz, 190 txertatze enpresa daude, 3.800 pertsonei ematen diete lana eta 45.600.000 euro fakturatzen dute. Euskadin, enpresa horiek guztiak GIZATEA izeneko elkartean biltzen dira (www.gizatea.net).

Euskadin gizarte enpresen bolumena oso esanguratsua da, beraz. Lan merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzten 7.000 pertsonei lana ematen diete eta 163 milioi euroko salmentak dituzte. Datu horiez aparte, minusbaliotasunik ez duten 1.000 profesional gehiago hartu behar ditugu kontuan; lan txertatze eta gizarteratze prozesuan laguntzen dihardutenak. Gainera, entitate hauen laguntzarekin, minusbaliotasun bat duten 1.000 pertsona enpresa normalizatuetan barneratu ahal izan dira. Azken batean, sektore honek 9.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu gure autonomia erkidegoan.

Ekimen horiek guztiek sortutako eta eragindako irabazi guztiak kalkulaezinak dira: gizarte kohesioa, lotura komunitarioa, gastu publikoaren kudeaketaren eraginkortasuna eta zergen birbanaketa, zainketa sistemen aldaketa, formalak eta informalak, osasun eta zerbitzu sozialen sistementzako aurrezkiak, kolaborazio publiko-pribatua politika pasiboetatik aktiboetara aldaketa egiterakoan… eta abar luze bat. Lantegi Batuaken kasuan, adibidez, 500 milioi euro baino gehiagoko balore ekonomikoa sortu du Bizkaian krisia 2008an hasi zenetik, eta hortik 6 euroko bueltako tasa eragiten du proiektuan inbertitutako euro publiko bakoitzeko.

Hala ere, minusbaliotasun bat duten pertsonei Enplegu Zentro Berezietan lana ematen dieten enpresa sozialak estatu espainiarrean azpigaratuak daude inguruko herriekin alderatzen baditugu: ELGAk kaleratutako Enplegu Babestuaren inguruko txostenaren arabera, Espainia atzean dago, Italiarekin batera. Atzetik Korea eta Portugal ditu soilik.
Espainian minusbaliotasunen bat duten pertsonen artean, 1.000 biztanleko 0.6k bakarrik du lana babestutako enplegu mota honetan. Polonian, berriz, 10.1k, 9.2k Herbehereetan, 5.6k Suitzan edo 5.2k Suedian. Frantzian eta Alemanian 3.2k eta 3.3k hurrenez hurren.

Euskadiko egoera oso desberdina da: autonomi erkidegoen rankinean lehendabizikoa da, minusbaliotasunen bat duten 3.1 pertsonek baitute lana 1.000 biztanleko (Espainiako batez bestekoa boskoizten du eta Frantzia eta Alemaniaren parean dago). Jarraian Nafarroa dago, (1.6), eta beste autonomi erkidego guztiek ez dute puntu bakarra ere erdiesten.

EAE Enplegu Politika Aktiboak lortu dituen azken autonomia erkidegoa izan dela kontuan hartzen badugu, datua bereziki garrantzitsua da. Eta era berean, ekimen hauek enplegua sortzeko duten ahalmena garatzeko aukera zabala eskaintzen dute. Gaitasun hori oso altua da Euskadin, baztertze arriskuan dauden pertsonentzat edota minusbaliotasunen bat dutenentzat enplegua sortzen jarraitzeko.

Minusbaliotasunen bat duten pertsonei dagokienez, talde horren %45 dago soilik populazio aktiboaren barruan; minusbaliotasuna duten 5.000 pertsona inguru. Kopuru horri minusbaliotasunen bat duten beste 7.000 pertsona gehitu behar zaizkio, populazio aktiboaren barne eta langabezian daudenak.

Bazterketa arrisku egoeran dauden pertsonen kasuan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen herenak aktibagarriak izango lirateke; 10.000 pertsona inguru. Gizarte ekimen eta irabazi asmorik gabeko elkarteen esperientzia, ibilbidea eta eskarmentua aprobetxatzea da aurrez aurre dugun erronka handienetariko bat. Horrela, Euskadin lana topatzeko zailtasun larriak dituzten 20.000 lagunei laguntzeko gai izango gara. Eusko Jaurlaritzak azpimarratzen duen datua da hori, 2020. urteari begira landu duten enplegu estrategiaren arabera.

Gizarte Ekonomiaren legeak, azkenean, Enpresa Sozialak Gizarte Ekonomiaren parte bezala aitortu ditu, aurretik ere bazuten espazio eta rol soziala legitimatuz.


Hugo Baroja
LANTEGI BATUAK Presidentea

 

Itzuli