Iritzia: Javier Goienetxea, Konfekoopeko presidentea

Iritzia: Javier Goienetxea, Konfekoopeko presidentea

2013/02/15

Kooperatibak mundu hobea eraikiz. Horrela uste du Nazio Batuen Erakundeak, 2012a Kooperatiben Nazioarteko Urte izendatu du eta. Eta hori egia dela erakusten du egunero eredu kooperatiboak, XIX. mendetik ongizate ekonomiko garaietan zein egungoa bezalako krisialdi egoeretan lan eginez.

Azken urteotan eredu bidezko eta mesedegarria zabaldu dute kooperatibek, eta oso beharrezkoa da hori krisialdi ekonomikoetan. Elkar laguntzan, arduran, demokrazian, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako baloreak oinarritzat dituzte kooperatibek. Enpresotako kideek zintzotasun, gardentasun eta gizarte ardura bezalako balore etikoetan sinesten dute. Izan ere, zer egiten duten bezain garrantzitsua da nola egiten duten, nola banatzen den sortutako aberastasuna, nola laguntzen duten ingurunearen garapenean. Eredu honetan pertsona, lana, kapitala baino garrantzitsuagoa da.

Kooperatiben nazioarteko mugimenduaren zifrak honako hauek dira: 100 milioitik gora langile- bazkide kooperatibetan, 1.000 milioi bezero-jabe baino gehiago; eta aktibo gehien duten kooperatibetatik 300 elkartuz gero, munduko zortzigarren ekonomiaren mailan ezarriko lirateke.

Lanaren Nazioarteko Bulegoak jakinarazi zuen finantzekin loturiko erakunde kooperatiboek euren ondarea handitzen jarraitu dutela azken urteotan, munduko finantza krisiak gogor eragiten duen arren. Euskadin 100 kooperatiba berrirekin itxiko dugu 2012a aurreikuspenen arabera, eta horri esker, EAE Estatuko autonomia-erkidego guztien aurretik jarriko da sozietate eta enplegu eraketari dagokionez.

Konfekoop Euskadiko kooperatiben konfederazioak 1.000 kooperatiba baino gehiago biltzen ditu bere barne dauden federazioen bitartez. Egun, 57.000 lanpostu ditu, eta horietatik 38.000 lan-bazkideak dira. Egungo ekonomia, finantza eta balore krisiaren erdian, euskal kooperatibok handitzen jarraitu dugu enpresa eta enplegu kopuruari dagokionean.

Konfekoopen, euskal kooperatibak ospakizunetan gaude. Kooperatibagintzan sinesten dugulako eta, Kooperatiben Nazioarteko Urtearen goiburuak dioen moduan, "kooperatibek mundu hobea eraikitzen" dutela egiaztatzen ari garelako. Hortaz, hogei ekintza baino gehiagoz osatutako egitaraua burutzen ari gara, euskal gizartea kooperatiben ekarpen sozio-ekonomikoaz kontzientziatzeko eta enpresa eredu hau sustatzeko.

Ekitaldi aipagarrienetako bat da azaroaren 11n Landako Gunean (Durango) egingo dugun Kooperatiben jaialdia. Publikoari irekitako ekitaldia izango da, eta laster ezagutaraziko da egitaraua. Informazio gehiago dago Euskadin Kooperatiben Nazioarteko Urtea ospatzeko esklusiboki garatu dugun http://www.forokoop.coop/2012aic/ webgunean.

Konfekoopetik festa honetan parte hartzeko deia egin nahi dugu, euskal gizarteak bere osotasunean Kooperatiben Nazioarteko Urtea ospatzeko gurekin bat egin dezan.

Itzuli