Iritzia: Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

Iritzia: Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

2015/06/30

Javier Pradini, Emaus Gizarte Fundazioa Taldeko zuzendari nagusia

Emausek badu zentzua.

Erronka berriak aldaketa egoera batean

 

Duela 35 urte hasi zuen Emausek ibilbidea Gipuzkoan, eta, urteotan guztietan, gure inguruan gertatu diren aldaketa sozial askoren lekuko zuzenak izan gara. Era berean, guk ere aldaketa asko egin ditugu, bereziki, barne antolamenduaren aldetik.

Egongo da pentsatzen duenik gaur egun egiten dugun lanak ez duela zerikusirik hasieran egiten genuenarekin. Egoera aldakor batera eta ingurura egokitzeko lanak etengabeak izan dira; hori guztia, gainera, Emaús Mugimendua osatzen dituzten 340 taldeekin partekatzen ditugun helburu eta asmoak kontuan izanda.

Bizi dugun egoerak, bai munduan bai bertan, egungo eredu sozio-ekonomikoari irtenbidea bilatzea oztopatzen du, baita inguruan inpaktu egokia lortzeko posibilitatea ere.

Hainbat arrazoik baieztatzen dute aurretik aipatutakoa.

Batetik, baliabide natural mugatuak dituen gizarte batean bizi gara. Horiek, gehiegi ustiatu, pribatizatu edota merkantilizatzen dira, eta produktuak suntsitzen direnean, erabilgarriak izateko programatua duten epe labur hori amaitzen zaielako, desparekotasuna eta pobrezia sortzen da.

Bestalde, gaur egungo gizarte-politikan atzera jotzea eta ongizate-estatuaren ahultzea egiazta dezakegu. Egoera horren arrazoia, antza denez, krisi ekonomikoa da. Ustelkeri kasuak nonahi, hirigune berriak hutsik, iruzurgile fiskalen zerrenda bukaezina eta gutxi batzuen aberaste espekulatiboa ikusita, ulertezina da elikagai bankuak eta herri jantokiak martxan jarri behar izatea. Pobrezia energetikoa nabarmentzen dugu, baita hezkuntzan, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan egin diren murrizketa ekonomikoak nahiz bankuen erruz kaleratuak izan diren familien ugaritzea ere.

Testuinguru horretan, badira mantentzen jakin ditugun hiru gauza: gizartean baztertuen dauden pertsonekin konpromisoa, ahalduntze eta gizarteratze alorretan edozein pertsonak hiritar bezala dituen eskubideez gozatzeko aukera bermatuz; probokazioa bera, beste batzuek hondakinak edota zakarra ikusten dute lekuetan baliabideak sortuz; eta gure ustez zalantzazkoa den eta zaharkituta dagoen politika eta gizarte eredua eraldatzearen aldeko lana.

Gaur egun, hiru alor horiek lantzen ditugu, bizi dugun garai berri honetan hain garrantzitsua den gizarte-berrikuntza kontuan izanda. Une honetan, fundazio baten eta ekonomia sozial eta solidarioko hainbat enpresek osatzen dute gure erakundea; oro har, 200 pertsona inguruk lan egiten dute.

 

Beste erronketako bat Emaúsen egiten duguna ezagutzera ematea eta gizarteko segmentu ezberdinak partaide egitea da. Unibertsitatea lehentasunezko ardatz estrategikoa da egiten ditugun sentsibilizazio eta hedapen egitasmoetan, eta Gipuzkoako kanpus unibertsitario guztietan lan egiten dugu. Etorkizuneko gizartea euren eskuetan dago; eta beraz, helburu nagusia da guretzat. Kulturaz lagunduta gerturatzen ari gara unibertsitatera, kultura balio eta lehentasun solidarioetan oinarritzen den bizi estilo gisa ulertzen dugulako.

Horregatik, datozen hilabeteetan erronka nagusienetakoa Tabakalera kultur zentroan Emaúsek sortuko duen espazioaren garapena da. Bertan, lantzen ditugun ekimen guztiak islatu, eta, aldi berean, erakusleihoa eta harremanetan jartzeko gunea izatea nahi dugu. Horrela, gerturatzen den orok gure lanaren zentzua zein den ulertzeko aukera izango du, eta parte hartzeko edota bere kezkak, desirak eta ezagutza partekatzeko aukera ere edukiko du.

Badakigu kultura bizirik dagoen zerbait dela, dinamikoa, konpromisoa erakusten duena, parte-hartzailea, jendartean zabaltzeko gai dena, gertukoa, eskuragarria, gizatasuna erakusten duena, eta, batez ere, guztien onerako dena.

Gune horretan belaunaldien arteko hartu-emana sustatzea nahiko genuke, eskarmentuak, ezagutzak, bizipenak eta errealitatea ikuskatzen dugun lekua izatea, eta gure programetan parte hartzen duten baztertze egoeran daudenen ahalmena erakutsi ahal izatea. Horrela, anonimotasunetik ateratzeko asmoa dugu. Hondakinei ere garrantzia eman nahi diegu, eta batzuentzat hondar solidoa dena beste batzuentzat baliabide solidarioa dela erakutsi.

Gune hori Emaús Eko Lab Center izendatu dugu: Emaús 3.0 izeneko aldi berri baten hasiera da.

 

Itzuli