Iritzia: Jon Morandeira, GEEBeko teknikaria

Iritzia: Jon Morandeira, GEEBeko teknikaria

2013/02/15

Gizarte ekonomiaren definizioa osatu da jada, gutxienez eremu instituzionalean, eta orain beharrezkoa da gizarte ekonomiako entitate guztien jarduera kuantifikatzea.

Gizarte ekonomia ikertzen duten zentroentzako, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokia barne, 5/2011 Legeak aukera berriak ekarriko ditu.

Alde batetik, Arauak gizarte ekonomia osatzen duten entitateak zehazten ditu. Zabaldu egiten du gizarte ekonomiaren kontzeptu tradizionala, kooperatibak eta lan-sozietateak soilik hartzen baitzituen. Definizio berriak izaera ireki eta dinamikoagoa ematen dio Gizarte Ekonomia terminoari. Izan ere, eztabaidarako aukera ematen du, etorkizunean entitate mota berriak kontzeptu honen barne sartu ahal izan daitezen.

Legeari jarraiki, gizarte ekonomiaren barne egon daitezke zehaztutako printzipioen arabera funtzionatzen duten eta katalogoan barneratuak izan diren enpresa eta entitateak. Hortaz, ateak irekitzen zaizkio sektore honen printzipioak bere egiten dituzten entitateak gizarte ekonomian barneratzeko eztabaidari, izatez sektorearen berezko eredu juridiko eta instituzionalak aukeratu ez badituzte ere.

Gainera, Legeak gizarte ekonomiaren informazio estatistikoa bermatzeko neurriak hartuko direla ziurtatzen du. Horrela, orain arte informazioa eskuratzeko izan diren zailtasunak gaindituko lirateke. Euskal Herriko Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko azken txostenak adierazten duen moduan, gizarte ekonomiaren barne dauden entitateei buruzko informazioa biltzeko sistema baten beharra dago, sektorearen errealitatea hobeto ikusarazi ahal izateko, estatistika zehatz eta fidagarrien bitartez.

Zentzu honetan, garrantzitsuak dira Eusko Legebiltzarreko taldeek egindako proposamenak, gizarte ekonomiako entitateen erregistroak bateratzeko eta arrazionalizatzeko xedez. Hala ere, aurretik gain honen inguruko azterketa sakon bat egin behar da.

Proposamen horiek jada aurkeztu zituzten Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiak eta GEZKI institutuak Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzarraren aurrean joan den otsailaren 14an. Badirudi gauzak aldatzen hasi direla.

Itzuli