iritzia-jose-maria-perez-de-uralde-ovesgeebeko-zuzendaria

iritzia-jose-maria-perez-de-uralde-ovesgeebeko-zuzendaria

2014/10/31

2014 urtea, hobea?

2013a urte zaila izan da. Gai makroekonomikoak, enpresakoak edo etxekoak soilik hartzen baditugu kontuan, edo gizarte kohesioaz mintzatzen bagara, nabaria da arazo larriak izan ditugula. Horiek eragina izan dute enpresetan, langileen erosahalmenean, barne eskaeran orokorrean eta milioika pertsonen eguneroko errealitatean.

Euskal Gizarte Ekonomia ez dago errealitate horren kanpo; kolpe oso gogorrak jaso ditu eta, kasu batzuetan, oraindik ere mingarriak diren egoera traumatikoak bizi izan ditu sektoreak. Euskal kooperatibismoak, esate baterako, emaitza inbidiagarriak dauzka enpresen bizirauteari dagokionez, baina azkenaldian atzerapausoak izan ditu sektoreak enplegu mailan. Hala ere, kooperatibak mantentzen dira eta lanpostuen galera beste enpresetan baino askoz ere txikiagoa da. Baina gizarte ekonomiaren arloko kooperatiba adierazgarrienetako baten arazo larriek inoiz baino inpaktu handiagoa eragin dute sektorean. Horren harira, gainera, kooperatibaren enpresa-ereduak arrazoirik gabeko erasoak jasan behar izan ditu. Zentzu horretan, porrota neurtzeko parametroak ezartzen badituzte bai enpresen morbilitate-tasak eta bai faktore horrek enpleguan dituen ondorio zuzenek, kontuan hartu beharko genuke gizarte ekonomiatik at dauden beste enpresa mota batzuek hasi beharko luketela euren eredua zalantzan jartzen. Halaber, gogoratu behar genuke, harri berarekin estropezu ez egiteko, zein enpresa ereduk sorrarazi duen, hein handi batean, egun sufritzen ari garen krisialdia.

Euskal gizarte ekonomiako enpresek gogor borrokatu dute euren jarduera bikaintasunez gauzatzen jarraitu ahal izateko, eta lanpostuak zein pertsonentzat erabilgarriak diren zerbitzu sozialak mantentzeko. Horri esker, egunez egun finkatzen doa, baldintzak ezin txarragoak badira ere, “enpresa egiteko modu desberdin” honen bideragarritasuna eta bizitasuna. Hori erakusten du Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak (OVES/GEEB) Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruz landutako azken txostenak (2012).

2014a errealitatea da jada. Urteari aurre egitea dagokigu zalantzarik egin gabe. Kooperatibek, lan sozietateek, enplegu zentro bereziek eta gizarteratze eta laneratze enpresek badakite nola jarraitu dagokien bidea. Eta bakoitzaren zein besteen hanka-sartzeetatik ikasten ere badakite. Hori ere garrantzitsua da.

Merkatutik at dagoen gizarte ekonomiak eta gizarte ekimenean diharduten elkarte eta fundazioek protagonismo gehiago lortu behar dute, euren balio sozial erantsia erabakigarria baita garaiotan. Euskal mutualismoari ere iritsi zaio nahitaez gizarte ekonomiaren barne dagoela onartzeko momentua. Egungo erronkak dira horiek.

Bestalde, gizarte ekonomia modu eraginkorrean suspertzeko politika publikoak exijitzen dituzten legeei erreparatu behar diete botere publikoek. Horretarako borondatea dutela jakinarazi digute. Beraz, 2014 urteak aukera berriak ekar ditzake. Zehazki, Eusko Legebiltzarrak onartutako ebazpenak abiapuntu bikaina dira. 2014a guztiontzat hobea izan behar du; eta hori posible izango da gizarte ekonomiari hobeto badoakio. Urte zoriontsua opa dizuegu.

 

José María Pérez de Uralde

OVES/GEEBeko zuzendaria

Itzuli