Iritzia: José Zurita, Foru Administrazioaren Diputatua, "Gizarte-ekonomia: gure nortasunaren parte"

Iritzia: José Zurita, Foru Administrazioaren Diputatua, "Gizarte-ekonomia: gure nortasunaren parte"

2014/10/31


José Zurita Laguna
Ekonomia Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Diputatua
Arabako Foru Aldundia

Gizarte-ekonomiaren garrantzia ezberdina da lurraldearen arabera, baina inork ez du zalantzan jartzen sektore horren laguntzarik gabe Euskadiren garapen ekonomikoa oso desberdina izango zela.

Momentu garrantzitsua da orain, krisialditik ateratzeko lagungarria izan daitekeelako gizarte-ekonomia, eta EAEko ekonomiaren nahiz enpleguaren garapen aurreikuspenak indartu ditzakeelako. Ekonomia sozialak ekintzailetzaren funtsezko elementu orokorrak hartzen ditu bere baitan. Gainera, enpresaren eta langilearen arteko lotura ekonomiko eta soziala sendotzeko modu onenetarikoa da, eta horrek enpresako kideen motibazioari, parte-hartzeari eta aurrerapen ekonomikoari mesede egiten dio.

Esparru arauemaileak egokia dirudi gizarte-ekonomiaren balioetan eta aurrerakuntzan sakontzeko. Gizarte Ekonomiaren 5/2011 Legeak sektorearen definizioa eskaintzen du eta ekonomia mota honen garapena bultzatzeko anbizio handiko helburuak zehazten ditu. Xede horietako asko garatzeke daude. Bestalde, kooperatiben lege berri bat izango dugu datozen hilabeteetan, arrakasta handia izan duen eta erreferentziazkoa den 4/1993 araua ordezkatuko duena. Horren arabera, aurreikus genezake gure eredu sozioekonomikoari bultzada berria emateko bidean gaudela. Eredu hori finkatzen jakin izan dugu euskal herritarrok, hainbat enpresa azpimarragarrik porrot egin duten arren. Gainbehera horiek ezin dizkiogu soilik sektoreari egotzi, baizik eta testuinguru ekonomiko konplexuari.

Salbuespen batzuk kenduta, gizarte-ekonomiaren ereduak funtzionatu du eta azken urteotan sektore honen barruan galdu diren enpresak baino gehiago sortu dira. Ziur aski, euren barne-funtzionamenduan erabakiak hartzeko berezko sistema dute, eta kanpotik ikusita pentsa daiteke sistema hori ez dela erabaki azkar eta eraginkorrekin bateragarria. Baina lan baldintzen arloan erabaki mingarriak hartu behar izan dituzte enpresek eta, salbuespen batzuk aparte utzita, irtenbide positiboak lortu dituzte.

Inoiz baino gehiago, gogoratu behar dugu merkatuak eta lehiakortasunak markatzen dutela edozein enpresaren etorkizuna, gizarte-ekonomiakoa izan edo ez.

Kooperatibek, lan sozietateek, gizarteratze eta laneratzen enpresek, enplegu zentro bereziek, mutualitateek, eraldaketarako nekazaritza-sozietateek, elkarteek eta fundazioek ibilbide luzea egin behar dute oraindik, baina gure nortasunaren parte den errealitatea sozioekonomikoa direla erakutsi dute. Euren garapenarekin konpromisoa hartu nahi dugu; enpresa horiek ordezkatzen dituzten elkarteen papera bultzatu nahi dugu, entitate horien sorreran, garapenean eta perfekzionamenduan zeresan garrantzitsua baitute. Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokia eta hiru euskal unibertsitateak gauzatzen ari diren gizarte-ekonomiaren aztertze lana baloratzen dugu. Kontziente gara gizarte-ekonomiaren sektoreari hitza eman behar diogula herrialde honetako enpresa eta ekonomia mailako erabakietan.

11/2011 Legeak gizarte-ekonomiari honako printzipioak aitortzen dizkio: pertsonaren eta helburu sozialaren nagusitasuna, kapitalaren gainetik; bazkide egiteko aukera irekia eta boluntarioa; kideen esku dagoen kontrol demokratikoa; erabiltzaileen eta interes orokorraren interesen bateratzea; elkartasun eta erantzukizun balioak defendatzea eta aplikatzea; kudeaketa autonomoa eta botere publikoekiko independentzia; eta garapen jasangarriaren, kideei eskainitako zerbitzuen eta interes sozialaren alde erabiltzea soberakinak.

Balora eta gara ditzagun printzipio horiek.

Itzuli