Iritzia: Juan Mari Concha, ERKIDEko presidente ohia

Iritzia: Juan Mari Concha, ERKIDEko presidente ohia

2014/10/31

43 urtez Mondragon korporazioan lan egin eta, aldi berean, kooperatibagintzaren eta Euskadi zein Estatu mailako Gizarte Ekonomiaren arloan parte hartu ondoren, erretiratzeko ordua iritsi zait.
Urssan hasi nintzen 22 urterekin, kooperatiba bat zer zen jakin ere egin gabe. Ez zen, noski, aurretik aztertutako erabakia.

Hasi eta bi egunera kontrajarritako bi sentsazio izan nituen. Batetik, etsipena sentitu nuen Mondragonera eraman nindutenean Alfonso Gorroñogoitia eta José María Ormaetxea ezagutzera, Euskadiko Kutxako egoitza nagusira. Lehenengo pisura igotzeko beheko solairua zeharkatu behar izan nuen, fruta nahiz barazki kaxen eta erosle ugariren artean. Desengainu hori areagotu egin zen aipatu pertsonen bulego xumeak ikusi nituenean. Baina nire umorea erabat aldatu zen Alfonso eta Jose Mari entzun nituenean. Euren hitzei esker kooperatiben onurei buruz pentsatzen hasi nintzen. Hitz bakar batean, begiak ireki zizkidaten.

Sentsazio baikor hori indartu egin zen 24 urte baino gutxiago nituenean, Lagun Aroko, gure gizarte-aurreikuspeneko entitateko, aholkulari izendatu nindutenean. Han ezagutu nuen José María Arizmendiarreta. Ez zuen gehiegi hitz egiten, baina bere presentziarekin lasaitasuna transmititzen zuen eta eztabaidagaiak aztertzen eta irtenbideak bilatzen laguntzen zuen.

Ostera, Alfonsorekin eta Jose Marirekin harreman jarraitua izan zuen, eta eredu kooperatiboa landu, defendatu eta bultzatu behar genuela ohartarazi ninduten. Nortasun aldetik eta gaiak lantzeko moduagatik oso desberdinak dira bi pertsonok, baina ezaugarri komun dituzte zintzotasuna, solidaritatea, esfortzua, umiltasuna eta adorea.

Momentuotan osasun ona dauka Euskadiko kooperatiben mugimenduak, nahiz eta krisiak arazoak eragin dituen gure enpresa batzuetan. Azken bi urteotan (2011-2012), autonomia-erkidego guztien artean Euskadin sortu dira kooperatiba gehien.

Konbentzitua nago sistema kooperatiboak itxaropenez beteriko etorkizuna duela. Kooperatiben printzipio eta baloreek gero eta balio gehiago daukate gure gizartean; izan ere, krisialdiak agerian utzi du ekonomiak ezin duela kapitalismo basatiaren esku jarraitu. Aipatutako balore eta printzipio horiek guztiz indarrean daude egun. Soilik egokitu egin behar dira gure gizartean gertatzen ari diren aldaketetara, eta gazteei filosofia hori transmititzeko esfortzuak egin behar dira. Gazteriaren eremuan lan egin behar dugu hurrengo belaunaldian kooperatibismo indartsua eta pertsonak oinarritzat dituena eduki ahal izateko.

Mondragon korporazioari dagokionez, enpresa eta gizarte arloetan ezohiko funtzioa bete duela uste dut, lanpostu berri ugari sortu eta enpresa barneko zein enpresa arteko kooperazioa bultzatu baitu. Hala ere, korporazioak etorkizunean negozio eta jarduera berriak sortzeko gaitasuna izan dezan, beharrezkoa da antolakuntza aldetik aldaketa sakona egitea; hau da, kooperatiben subiranotasunaren zati bat korporazioari ematea. Hori gertatu ezean, korporazioaren papera mugatua izango da: elkartasuna sustatzeko erreminta bikaina eta negozio berriak martxan jarri nahi dituzten kooperatibentzako babes estimagarria izango da soilik.

Laburbilduz, baiezta genezake gure formula kooperatiboak etorkizun itxaropentsua duela, beti ere gure printzipio eta egiturak momentu bakoitzeko beharretara egokitzeko gai bagara.

 

Itzuli