Iritzia: Mayté Guzmán Mariscal, “genero berdintasuna gizarte ekonomiako entitateetan”

Iritzia: Mayté Guzmán Mariscal, “genero berdintasuna gizarte ekonomiako entitateetan”

2014/10/31

Gizarte-ekonomiaren inguruko politika publikoak hobetzen lagunduko duen analisia aberastu asmoz, garrantzitsua da kontuan hartzea 5/2011 legean ezarritako printzipioak nola gauzatzen diren. Zehazki, 4. artikuluan, Gizarte Ekonomiaren Printzipio Orientatzaileak aipatzen dira; horien artean, genero-berdintasuna:

“… Barne solidaritatea eta gizartearekiko elkartasuna bultzatzea, honako faktoreak sustatzeko: tokiko garapenarekiko konpromisoa, gizon eta emakumeen aukera-berdintasuna, gizarte-kohesioa, gizarte-baztertze arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea, enplegu iraunkorra eta kalitatezkoa sortzea; bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzea; eta jasangarritasuna”.

Gizarte-ekonomiatik eskainitako datuek adierazten dutenez, lana eta generoa lotzen dituen informazioaren enfasia txikiagotu egin da; batez ere, ondorengo alderdiei dagokienez: lan sektorea, lanaren kalitatea, kontratu motak; buruzagitza katean eta entitateetako gobernu-organoetan emakumeak duen kokapena; eta entitate hauetako bazkide kopurua generoari dagokionez.

Izaera ekonomikoa duten beste alderdi batzuekin egiten dugun moduan, argudia genezake krisiak eta baliabide faltak eragin dutela genero-berdintasunari arreta gutxiago eskaintzea. Argi dago azken urteotan aurrerapauso nabarmenak lortu direla, baina ezin gaitezke oharkabetu parekidetasuna arlo guztietan errealitate bihurtu arte.

Aurrekoa kontuan hartuz, gizarte-ekonomiako entitateetan oraindik desoreka dago emakumeek eta gizonezkoek erabakiak hartzeko botere mailan. Informazio iturri desberdinek ohartarazten digutenez, emakumeen kasuan handiagoa da lan eta gizarte baztertzea. Diskriminazio bertikala deritzo egoera horri. Bestalde, gizarteratze eta laneratze maila egokia duten emakumeek ere desabantaila garrantzitsuak topatzen dituzte diskriminazio hori dela eta. Hau da, gizonezkoen antzeko lanak burutzen badituzte ere, diru ordain txikiagoa jasotzen dute, eta lanpostu hobea lortzeko aukera gutxiago dute.

Arazo hori, txikia bada ere, agerikoa da gizarte-ekonomiako entitateetan.

Gainera, informazio ekonomikoaren ekoizpena gizonezkoen eskuetan dago oraindik, emakumeen gaietan espezializatutako institutu eta elkarteetan izan ezik. Era berean, gizarte-ekonomiako entitateetako gobernu-organoetan nabarmen txikiagoa da emakumeen presentzia.

Euskadin, ASLE, Konfekoop, EHLABE, Gizatea eta REAS entitateak gai honen inguruan mintzatu dira unean unean.

Ekintza espezifikoei erreparatuz, EHLABEk 2010ean ‘Adimen urritasuna edo buru nahasmendua duten emakumeen lan egoerari buruzko ikerlan kualitatiboa’ koordinatu zuen. Horrekin, elkartearen barneko entitateen artean Berdintasun Plana abiarazteko inflexio puntua sortu nahi zuten.

ASLEk, berriz, Enpresaren Gizarte Erantzukizuna bultzatuz ematen dio arreta generoaren gaiari, baita langileek enpresan parte har dezaten ezartzen dituen demokratizazio eta partaidetza programen bidez ere.

Kooperatibismoak berezkoa duen berdintasunarekiko konpromisoa bere egiten du. Horrela, 2008tik kooperatibetan berdintasuna bermatzeko neurriak ezartzeko gida bat zabaltzen ari da.

Duela gutxi REASek gizarte-ekonomiaren printzipioei buruzko Gizarte Ikuskaritzaren emaitzak argitaratu ditu; eta horien artean dago genero-berdintasuna. Emaitzek agerian uzten ditu entitateok aurrez aurre dituzten erronkak.

Badakigu gizarte-ekonomiako entitateek oinarri dituztela demokrazia, berdintasuna, parekidetasuna eta elkartasuna. Horri esker, pertsonen arazoekiko, beharrekiko eta eskaerekiko sentsibilitate berezia dute.

Horregatik, gizakia eta bere garapen osoa beste alderdi ekonomiko, ideologiko, politiko edo sozialen aurretik jartzen dituzte. Ondorioz, lotura argia eta zuzena ikusten da gizarte-ekonomiaren funtsen eta genero-parekidetasunaren gaiaren artean. Izan ere, sektore honetako entitateek, euren printzipioak oinarri izanik, edozein diskriminazio motari uko egiten diete.

Klausula sozialak eta gizarte-ikuskaritza bezalako mekanismoak genero-berdintasuna bultzatuko luketen neurri aktiboak dira, ez bakarrik administrazioetan baizik eta baita gizarte-ekonomiako entitateetan ere.

Enpresa-kultura hegemonikoa eta genero-aurreiritziak gainditzeko neurriak dira. Azkenik, azpimarratu behar da ikerlan gehiago behar direla, gizarte-ekonomiaren barne dauden entitate guztiak barne hartuko dituzten lagin zabalekin.

Itzuli