Iritzia: Oinez bidea eginez

Iritzia: Oinez bidea eginez

2014/11/28

Abenduan 25 urte beteko dira GEZKIren zuzendari kargua hartu nuenetik. Institutuaren sustatzaileetako bat izan zen Koldo Gorostiagaren ordezko gisa hasi nintzen behin-behinekoz. UPV/EHUko organoek institutua sortzea onartu zuten 1987an, baina azken pausoa falta zen espainiar Estatuko unibertsitate publiko bateko lehen institutu bilakatzeko. Hori dela eta, oraindik eratze prozesuan zegoen unibertsitate-institutua zen GEZKI ni zuzendari izendatu nindutenean.

 

 

 

1999aren bukaeran, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak definitiboki onartu zuen GEZKI unibertsitate-institutu gisa sortzea, eta EHAAn argitaratu zuen. Horrela, 1987an hasitako bide luze eta zailari amaiera eman genion. 1999ko azaroan, estatutuak onetsita zeudela, zuzendari hautatu ninduten eta, orduz geroztik, behin eta berriz berraukeratu naute. Orain, baina, kargua berritzeko unea iritsi dela iruditzen zait, unibertsitatean erretiroa hartuko baitut laster. Ondorioz, Aitor Bengoetxea doktorea izango da nire ordezkoa, eta Enekoitz Etxezarreta doktorea, aldiz, idazkaria.

 

 

 

UPV/EHUn gizarte-ekonomiarekin loturiko ikasketak eta, batez ere, kooperatibismoa lantzeko helburuarekin sortu zen GEZKI. Izan ere, garai hartan Euskadin sektore horiekin loturiko ekimen ugari bazeuden ere, gure unibertsitateak ez zituen aztergai moduan ikusten. Ideia horren inguruan irakasle eta ikertzaile talde bat elkartu ginen institutua sortzeko. Aldi berean, xede genuen Euskadiko gizarte-ekonomiako erakundeekin eta kooperatibekin elkarlanean aritzea eta laguntzea.

 

 

 

Gure helburuak betetzeko, ikasturtero 'Euskadiko Kooperatiben Goi Mailako Ikastaroa' antolatzen hasi ginen. Bertan, gure unibertsitateko ikasleek hartzen zuten parte, batik bat, eta interesa zuten kanpoko pertsonek ere aukera zuten ikastaroa egiteko. Prestakuntza-programa hori garatzen joan da eta, egun, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Master bilakatu da. Europako graduondoko titulu gisa aitortua izan da, gainera. Azpimarragarria da master horretan hiru euskal unibertsitateetako kideok parte hartzen dugula, ASLE, KONFEKOOP, HIREKIN, EHLABE, REAS-EUSKADI eta GIZATEA entitateekin batera. Horrek argi erakusten du GEZKI euskal gizarte-ekonomia sendotzen laguntzeko xedearekin jaio zela, eta lortzen ari garela sinesten dut.

 

 

 

Halaber, urtero gutxienez kooperatibismoari edo gizarte ekonomiari buruzko liburu bat argitaratzeko konpromisoa hartu zuen GEZKIk Eusko Jaurlaritzarekin. Aldizkako argitalpen horiek Gizarte Ekonomiari buruzko GEZKIren topaketetan eta institutuko kideok parte hartzen genuen Estatuko nahiz nazioarteko kongresuetan aurkeztutako txostenak jasotzen zituzten

 

 

 

 

 

Urteroko liburutik, REVES aldizkari zientifikora salto egin genuen 2004an, eta gizarte-ekonomiako ikertzaileen arloan erreferentziazko argitalpena bihurtu zen nazioartean.

 

 

 

Gizarte-ekonomiaren eta kooperatibismoaren pentsamendua zabaltzeko erreminta nagusiak izan dira hasierako urteetako GEZKIren topaketa horiek eta ostera egin ditugun kongresuak. 1994. urtean, CIRIECekin batera Gizarte Ekonomiako Ikertzaileen jardunaldiak antolatu genituen, eta 18 urte geroago, 2012an, XIV. jardunaldiak hartu genituen bigarrenekoz. Bestalde, 1995ean International Institute for Self-Management (IIS) institutuaren nazioarteko kongresua antolatu genuen. Horrez gain, 2003an ikerketa-ildo berri bati ekin genion, parte-hartzea, eta gaiaren inguruko hainbat liburu plazaratu genituen. Horren inguruan zenbait kongresu eta jardunaldi zientifiko antolatu ditugu.

 

 

 

Azpimarragarria da 2009an sortutako Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokia (OVES-GEEB), Eusko Jaurlaritzaren eta GEZKIren arteko hitzarmen baten ondorioz jaiotakoa. Behatokia eratzeko eskaera euskal Exekutiboak aurkeztu zuen 2008ko apirilean egindako ebazpen batekin. Behatokia autonomoa da eta bertako kideek euskal gizarte-ekonomiaren urteroko txostena lantzen dute, baita hileroko aldizkaria zabaldu ere. Aipatu txostena erakundeei eta talde parlamentarioei aurkezten diegu.

 

 

 

OVES-GEEB euskal gizarte-ekonomiarekin elkarlanean aritzeko erreminta erabilgarri moduan sortu zen, eta eginkizun hori betetzen ari da. Esterako, Behatokiko aholkularitza-batzordea sektoreko erakunde esanguratsuenetako ordezkariek osatzen dute, eta beste bi unibertsitateetako (Deustu eta Mondragon) kideak ere barne daude. Duela hiru urtetik hona, gainera, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioekin bilera egiten dute GEEBeko ordezkariek.

 

 

 

Urte guztiotan zehar Estatu zein nazioarte mailan harreman-sare zabala osatu dugu. GEZKIko kideok nazioarteko kongresu eta bileretan parte hartu dugu, erakunde ugariren bitartez: nazioarteko eta Espainiako CIRIEC, Rulescoop, RedNuies, Kubako Ekonomiako Ikasketa Zentroa, eta abar. Era berean, institutuko hainbat kidek erredakzio kontseilu ezberdinetan parte hartzen dugu: Annals of Public and Cooperative Economics, Ciriec-Espainia aldizkaria, Ciriec-Espainiaren aldizkari juridikoa, REVESCO, REVES eta abar.

 

 

 

Ikerketa lerro anitzak jorratzen ditu GEZKIk. Zortzi doktoretza-tesi burutu dituzte gure ikasleek, horietako bost 2012tik aurrera, eta institutuko zenbait kidek beste unibertsitate batzuetan ere tesiak zuzendu dituzte.

 

 

 

Batik bat Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaritzaren finantzazioarekin antolatu eta gauzatu dira jarduera horiek guztiak. Zehazki, OVES-GEEBen aurrekontuaren zati bat EAEko aurrekontu orokorretako izendun partida batekin finantzatzen da. Ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza eskaintzen dute, aldi berean, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, Innobasquek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Konfekoopek eta abar.

 

 

 

GEZKI proiektua berau osatzen duten kideei esker posible izan da eta eurei nire esker ona adierazi nahi diet. Hasieran, talde sustatzailea zazpi pertsonek osatzen genuen eta pixkanaka handitzen joan da, hogeita hamar pertsonara iritsi arte, UPV/EHUko eta kanpoko ikertzaileak barne. Eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, nirekin zuzendaritza-lanetan egon direnei. Beraien ahalegin, esfortzu eta, askotan, militantzia-maila puntu hori gabe, proiektu hau ez zen aurrera aterako”, adierazi du Baleren Bakaikoa zuzendari ohiak.

 

 

 

UPV/EHUk, gure unibertsitateak, aipamen berezia merezi du. Errektoretza talde ezberdinek oso positiboki baloratu dute GEZKIk egindako lana, eta ekitaldietan agintarien parte-hartzea eskatu dugun guztietan primeran erantzun dute. Hogei urte baino gehiago UPV/EHUko Soroa Etxean eman ondoren, 2011n espazio zabalagoa eskaini ziguten, Donostiako Carlos Santamaría zentroan, GEZKI eta OVES-GEEB elkarrekin kokatzeko. Hortxe jarraitzen dugu!

 

 

 

Jaio zenetik, euskal gizarte-ekonomia antolatzen, bultzatzen, ikertzen, osatzen eta ezagutzera ematen dihardu GEZKIk unibertsitatetik. Horrela, sektore hau ahalik eta gehien sendotu dadin nahi dugu; eta hori ez da lehiatuz lortzen, kooperatuz baizik. Produktibitate maila altuena duten herrialdeek, Finlandia eta Hegoaldeko Korea esaterako, unibertsitatearen eta ekonomiaren munduaren arteko lankidetzari esker lortu dute eraginkortasun maila hori. Horrenbestez, GEZKIk ez du gizarte-ekonomiako entitateekin lehiatu nahi; alderantziz, eurak indartzeko eta bideragarriagoak egiteko laguntza eskaintzen du.

 

 

 

Baleren Bakaikoa Azurmendi

 

 

Itzuli