Iritzia: Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzailea

Iritzia: Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzailea

2013/02/15

2011ko martxoan Gizarte Ekonomiaren Legea onartu izanak eta bertan ezartzen diren printzipioen definizioak, marko juridiko propioa sortu du pertsonak kapitalaren gainetik lehenesten dituzten jarduera ekonomikoak aitortu eta ikustarazteko helburuarekin. Horien artean, gizarte-ekonomiaren gidari den mugimendu kooperatiboa nabarmendu behar litzateke, zeinaren jatorriak Euskadin XIX. mende amaieran kokatzen baitira.

Lege honek ekarri duena da gizarte-ekonomiako beste familia batzuk, tartean Enplegurako Zentro Bereziak, gizarte-ekonomiaren baitako eskubide osoko kide gisa aitortuak izatea. Estatus berri hau urte luzetan zehar eginiko lan gogorraren emaitza baino ez da, gizarte-ekimeneko enplegu babestuan enplegua sortzeko eta desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eginiko ahaleginaren fruitua. Euskadin 70eko hamarkadaren amaieran abiatu ziren desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko lehen egitasmoak, desgaitasun intelektualeko pertsonen gurasoek osaturiko elkarteen ekimenez.

Gizarte-ekimeneko Enplegura Zentro Bereziek eta enplegu babestuak Euskadin izaniko garapen eta hazkundea ezin uler liteke hainbat faktore kontuan hartu gabe: elkartegintza mugimenduak enplegu babestuaren aldeko ekimenei emaniko bultzada, euskal gizartearen ekintzailetasun eta kultura industriala, herri-erakunde ezberdinen babes historikoa, eta ekimenak kontzentratzeak sektoreari emaniko indarra (EHLABE). Gaur egun, 64.000 pertsona inguruk dihardu Enplegurako Zentro Berezi batean lanean estatu mailan, 7.000 pertsonatik gora direlarik Euskadin.

Ibilbide luze eta oparo honetan, gizarte-ekimeneko enplegu babestuak Euskadin helburu nagusi bat izan du, desgaitasuna duten pertsonen laneratze eta gizarteratzea, bereziki lan munduan sartzeko zailtasunik gehien duten kolektiboei begira, pertsona eta bere beharrizanei begira dauden jarduera ekonomiko iraunkor eta errentagarrien bitartez. Modu honetan, gizarte-ekimeneko Enplegurako Zentro Bereziak aukera globalen kudeatzaile bilakatu dira, pertsonen lanerako gaitasuna lantzen dutenak esparru ezberdinetan: orientazioa eskainiz, norbanakoei prestakuntza emanez, enplegu babestua eta enplegu ordinarioaren bitartez, etab.

Modu honetan, desgaitasuna duten pertsonen lana ikusarazi eta aitortzeaz gain, aldi berean, lan zentrook kokaturiko eskualdeen tokiko garapenean eragin da eta kolektibo honen gizarteratzea bultzatu da, desgaitasuneko elkarteekin eta herri-erakundeekin eskuz esku lan eginez. Datu esanguratsua iruditzen zait EHLABEk 350 lanpostu sortu izana desgaitasuna duten pertsonentzat 2011 urtean zehar.

Arestian aipatu dugun gisan, Gizarte Ekonomiaren legearen onarpenak gizarte-ekimeneko Enplegurako Zentro Berezien ikusgarritasun handiagoa dakar, baita historikoki eginiko lanaren aitortza handiagoa ere. Baina dudarik gabe ezin eror gaitezke autokonplazentzian, eta beharrezkoa dugu, are gehiago krisi garaiotan, gure zentroen hobekuntzan lanean jarraitzea, beren funtzio sozial eta eraldatzailea indartuz, gizarte-ekonomiako gainerako erakundeekin partekatzen dugun gisan. Garai nahasi hauetatik osorik ateratzeko funtsezkoa zaigu gure printzipio eta balioetan indar egitea, baita ekonomia pertsona eta bere ingurunetik hain urrun ulertzen duten bestelako moduei aurre egiteko ere.

Gainera, beharrezkoa da gure ekimen eta jarduera produktiboak bultzatzen jarraitzea, balio ekonomiko eta soziala sor dezaten eta herri-erakundeen aurrean posizio hobea izan dezaten. Beharrezkoa da halaber gizarte-ekonomiako gainerako familiekin lankidetza harremanak estutzea eta ahaleginak partekatzea, gizarte-ekonomia bultzatzen jarraitzeko eta bere jarduera ekonomikoagatik, tamainagatik, enplegaturiko pertsona kopuruagatik eta egiten duten gizarte-ekarpenagatik dagokion posizio ekonomiko eta politikoan kokatzeko.

Zentzu horretan eta amaitze aldera, nabarmendu nahi nuke GEEB-Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokitik 2008tik hona egiten ari den gidaritza eta koordinazio lana, gizarte-ekonomiaren jarduera kuantifikatu eta ikustarazteko, eta azken finean, berau bultzatu eta garatzeko helburuz.

Itzuli