Iritzia: Rafael de Lorenzo, ONCEko Goren Kontseiluko Idazkari Orokorra eta CEPESeko presidenteordea

Iritzia: Rafael de Lorenzo, ONCEko Goren Kontseiluko Idazkari Orokorra eta CEPESeko presidenteordea

2014/10/31

Pasa den mende amaieratik eta honen hasierara arte, Europako esparruak gizarte ekonomiaren arloko entitateak irmoki babestu ditu eta horien alde egin du apustu politika aktiboen eta egiturazko fondoen bitartez. Enplegu zentro bereziak sektore horren barne daude eta baita 5/2011 legeko 5. artikuluan aipatzen diren gizarte ekonomiako entitate eta familia guztiak ere.

Azpimarratu beharra dago tradizionalki oso kontuan hartzen ez ziren justizia, berdintasuna, laneratzea, kohesioa edota gizarte aurrerapena bezalako kontzeptuak, gutxika, azken hamarkadetan, euskal ekonomiako eguneroko kudeaketan barneratu direla, eta baita enpresa eta estrategia diskurtsoetan ere. Ezin dugu ahaztu Enpresaren Gizarte Erantzukizunak (EGE) Euskadin eta Estatuan presentzia ukaezina duela; izan ere, kontzeptu horrek, izenak dion bezala, gizartearekiko enpresa erantzukizunari erreferentzia egiten dio eta, beraz, eragile sozialak protagonista gisa hartu behar ditu.

Balioetan aberatsa den modelo solidario honen aliatu indartsua da Euskadi. Besteak beste, ONCEk (75 urte bete berri ditu erakundeak, eta 25 bere fundazioak) minusbaliotasunen bat duten pertsonentzat lan ugari eskaintzen du EAEn, eta FUNDOSAk ere aipatutako kolektiboari lana ematen dieton enpresak bultzatzen ditu, arlo ekonomikoaren eta sozialaren arteko oreka bideragarria bilatuz.

2013ko Asturiasko Printzea Saria irailaren 4an jaso genuen, garapen bidean dauden herrialdeetara gure lana eta eredua elkartasunez esportatzeagatik, egunero kupoi saltzaileengana gerturatzen diren hiritarren babesari esker. Orain arte bezala jarraitzeko, konprometituta eta buru-belarri lanean jarraituko dugu, kolektibo ahulenetarikoa den honentzat, minusbaliotasuna duten pertsonentzat, lana sortzeko.

Gipuzkoa Katea-Legaia Enplegu Zentro Berezien Elkartean eta Gureak taldearen tailer babestuetan dugun partaidetza enpresa soziala egiteko modu horren adibide argia da: arinagoa, malguagoa, solidarioagoa eta eraginkorragoa. Orain gutxi Lemoan, Bizkaian, ONCE Fundazioak Flisa Euskalduna izeneko garbiketa industrialeko lantegi berria inauguratu du, 3.7 miloi euroko inbertsioarekin. Bertan 101 pertsonak egiten dute lan eta horietatik %86k minusbaliotasunen bat dauka.

Ahalegin horretan gaude eta ahalegin horrekin lanean jarraituko dugu. Kolektibo honen prestakuntza bultzatzeko eta pertsonontzat lanpostuak sortzeko milaka ekintza eskainiz indartu nahi dugu euskal gizarte ekonomia, nahiz eta gure kupoiak zailtasun handiak jasaten ari diren. Gure erakundearen diru iturri horrek behera egin du nabarmen, beste enpresa batzuek joko produktuekin konpetentzia gogorra egin ari baitira, desleialtasunez.

Baina atzeraldi eta zailtasunez betetako testuinguru zalantzakor honetan gizarte ekonomiaren garrantzia are handiagoa da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2012. urtea Kooperatiben Nazioarteko Urte izendatu zuen, gizarte ekonomiak garapen globalari egiten dion ekarpenaren aitorpen modura.

Eredu honek denbora luzean aldaezin iraungo du hemen, euskal gizarteari oso lotuta dagoelako eta bere alderdi bereizezina delako.

Arrakastaren gakoa geroz eta zorrotzagoak eta konprometituagoak diren kontsumitzaileak ere badira. Horrez gain, funtsezkoak dira lan-talde motibatuak, enpresa parte-hartzaile eta gardenetan daudenak, hiritarren zerbitzura kooperazioa praktikatzen dutenak eta interes orokorraren mesederako zein garapen jasangarri eta arduratsurako kohesioa bultzatzen dutenak. Azken batean, faktore horiek dira lan iraunkorra eta aberastasuna sortzen dutenak.

 

Rafael de Lorenzo
ONCEko Goren Kontseiluko Idazkari Orokorra
CEPESeko presidenteordea

Itzuli