Iritzia: Sofia Arana Landín, Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren Zuzendaria

Iritzia: Sofia Arana Landín, Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren Zuzendaria

2014/10/31

Institutuaren argitalpen katalogo zabalaren barne dago obra hori eta Gizarte Ekonomiaren ikerketan bat egiten duten zientzia alor anitzak jorratzen ditu. Beraz, aldizkariak ikuspuntu zientifikotik eta diziplina anitzetatik aztertzen du Gizarte Ekonomia.

Pozgarria da hamargarren argitalpen honetara iritsi izana, faktore askoren emaitza baita: lehendakari karguan nire aurretik egon diren pertsonen lan isila, sakona eta etengabea, hain zuzen ere. Baleren Bakaikoa eta Santiago Merino Hernández izan dira aldizkariaren bultzatzaile nagusiak. Halaber, ezinbestekoak izan dira Eusko Jaurlaritzaren babes eta finantzazioa zein irakurleen harrera ona, bai arlo akademikoan eta bai profesionalean.

Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariak sektorearen azterketa orokorra egiten du ikuspuntu zientifikotik, batik bat unibertsitate arlotik. Bereziki euskal errealitatean oinarritzen da argitalpena, Gizarte Ekonomiak ezohiko garrantzia baitauka bertan, batez ere egungo krisialdi testuinguruan. Hala ere, agerikoa da oraindik asko bultzatu eta hedatu behar dela eredu ekonomiko hori, eta beraz, eginbehar horretan jarraitu behar dugu. Gizarte Ekonomiaren Legeak dioen moduan, botere publikoek, euren eskumen-eremuaren barne, Gizarte Ekonomia suspertzeko politiken helburu gisa izango dituzte, besteak beste: “Gizarte Ekonomiako entitateen jarduera ekonomikoaren garapena trabatzen duten oztopoak kentzea; sektoreko entitateetan heziketa profesionala eta langileak lanpostu berrietara egokitu ahal izateko prestakuntza bultzatzea; berrikuntza eta antolakuntza arloetako prozesuetan sartzeko aukerak erraztea sektoreko ekintzaileei; Gizarte Ekonomiako entitateak enplegu politika aktiboetan murgiltzea, etab”. Gizarte Ekonomia suspertzeko egitasmo horien baitan dago Eusko Jaurlaritzak gure aldizkariari ematen dio diru-laguntza jarraitua.

Urteen poderioz, aldizkaria garai berrietara egokitzen joan da eta, egun, kanpo ebaluatzaile zerrenda luzea dauka. Gainera, irizpide ugari betetzen ditu: aldizkakotasuna, ebaluatzaileak, laburpenak, ingelesez idatzitako abstract-ak, ECONLIT gakoak, gako-hitzak, etab. Bestalde, autore gehienak unibertsitate munduan ari dira lanean, bai Estatu mailan eta bai atzerrian, eta sektoreko profesionalen artikulu eta ikerketak ere argitaratzen ditugu.

Era berean, Euskadiko Gizarte Ekonomiari buruzko artikulu eta azterlan ugari bildu ditugu, baita epaien iruzkinak ere, ikuspegi oso anitzetatik landuta: zuzenbidea, ekonomia, soziologia, enpresa antolakuntzaren arloa, etab. Horrela, gure autonomia-erkidegoan erreferentziazko aldizkari bilakatzea lortu dugu.

Nire eskerrik beroena adierazi nahi diet errealitate hau posible egiteko lan egiten duten guztiei.

 

Sofia Arana Landín

 

Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren Zuzendaria.

UPV/EHUko Finantza eta Zerga Zuzenbideko Irakasle Titularra 

 

Itzuli