Kooperatiba Ikaskuntzak Deustuko Unibertsitatean

Kooperatiba Ikaskuntzak Deustuko Unibertsitatean

2013/02/28

Pasa den mendeko laurogehiko hamarkadan, Euskadin lehenengo Kooperatiben Legea onartu zen (otsailaren 11ko 1/1982 Legea), eta, 70. artikuluan ezarritakoa oinarri hartuta, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua jarri zen martxan. Oraintxe bete da hogeita hamargarren urteurrena.

Aspalditik egiten dira kooperazioko ohiko jarduerak; ez hain aspalditik, ordea, kontsumo, industria eta etxebizitza kooperatibismoa –gerra zibilak eten zuen–. Eta, hori guztia eta gerraondotik Mondragon-en kooperatiben esperientzian batez ere –baina ez bakarrik– murgildutako errealitatea kontuan hartuta, gaiaren gainean aspalditik interesa zuten irakasleekin batera, Deustuko Unibertsitateko Kooperatiba Ikaskuntzen Institutua sortu zen, 1984. urtean, 1984-85 ikasturtearen hasieran, urtebetez egituratzen jardun ondoren.

Institutua sortzeko, erakunde publiko eta pribatuen laguntza izan zen, gizarteari zerbitzu emateko orientazioarekin, Unibertsitatean garai hartan zegoen hutsunea betetzeko eta unibertsitarioak prestatu ahal izateko ikasketa programak eskaintzeko eta kooperatibei eta kooperatibismoari buruzko ikerketa lantzeko. Jarduera horiek betetzeko, kooperatibismoan espezializatutako liburutegia sortu zen.

Urte askotan, graduondoko ikastaroa egin izan da, eta, horren bidez, ikasle asko prestatu izan dira, eta horietako batzuek beren laneko bizitza kooperatiba eta erakundeen gainean lanean eman dute. Sei urtez, gainera, Zuzenbide Fakultateak kooperatiben zuzenbideari buruzko doktorego programa izan du, eta doktoregoko tesi asko irakurri izan dira programa hori oinarri hartuta; programak Latinoamerikako ikasle asko ere erakarri izan ditu.

Institutua martxan izan zen lehen urteotako gertaera nabarmena izan zen Kooperatibismoaren Biltzarra egin zela, Munduko II. Euskal Biltzarrean, 1987. urtean. Jende asko bertaratu zen, dozena bat herrialdetatik.

Kooperatiba Ikaskuntzen Urtekaria Institutuaren argitalpena izan da, 1985etik 2000. urtera. Gero, argitalpena eten egin zen.

Gaur egun, egiturazko aldaketa baten ondoren, Kooperatiba Ikaskuntzen Institutua Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateari lotuta dago, eta irakaskuntzako eta ikerketako helburuei eusten die, nahiz eta irakaskuntza arauturik eskaintzen ez duen, puntuala baizik. Bestalde, Deusto Estudios Cooperativos ikerketa aldizkaria sortu du; seihilean behin irteten da, bai paperean, bai Interneten (helbide elektronikoa: www.deustoestudioscooperativos.deusto.es).

Zuzenbide Fakultatean, Institutuarekin batera, 1989. urtetik Kooperatiben Zuzenbideko Nazioarteko Elkartea dago. Kooperatibismoaren Biltzarraz geroztik, legelarien artean sortutako harremanen ondorioz sortu zen elkartea, 1989ko otsailaren 28an.

Elkartearen helburua da kooperatiba zuzenbidean espezialistak direnak biltzea, bai eta harremanei eustea eta ikerketak bideratzea ere. Harrezkeroztik egiten da horrela.

Ondorio horietarako, elkarteak Kooperatiba Zuzenbidearen Nazioarteko Elkartearen Buletina argitaratzen du, gaur egun urtean behin, paperean. Hala ere, 20.-21. zenbakitik (1994) 33. zenbakira (1999) bitarteko aurkibideak eta 34. zenbakitik (2000. urtea) aurrerako buletin osoak hementxe daude: http://www.deusto.es/servlet/Satellite/Page/1181216115763/_cast/%231179141880867%231181216115763/cx/UniversidadDeusto/Page/PaginaCollTemplate. Argitaratu den azkena 2012koa da, 46. zenbakia.

Gaur egun, elkartea ia 300 kidek osatzen dute, hogei herrialdetakoak.

Javier Divar (Kooperatiba Zuzenbidearen Nazioarteko Elkarteko presidentea) eta Alejandro Martínez Charterina (Kooperatiba Ikaskuntzen Institutuko zuzendaria).

Itzuli