Langileek enpresan parte-hartzeak enpresaren lehiakortasunari mesede egiten dio

Langileek enpresan parte-hartzeak enpresaren lehiakortasunari mesede egiten dio

2013/03/27

Hala ere, gure enpresek euren antolakuntza-egiturak merkatuaren baldintzetara egokitzeko gai izan ote diren zalantza daukagu. Hau da, jokoaren arauak aldatu egin dira baina guk berdin lan egiten jarraitzen dugu eta enpresa modu berean antolatzen dihardugu. Koherentzia falta dagoela dirudi.

Lehiakortasun iturriek gero eta lotura gehiago dute berrikuntzarekin eta sormenarekin; eta, zentzu horretan, pertsonen eta euren arteko hartu-emanaren garrantzia areagotzen ari da. Momentu honetan balio erantsia sortzen duten enpresak dira pertsonei protagonismo gehien ematen diotenak.

Euskal Herrian eta Gipuzkoan ibilbide luzea egina daukagu norabide horretan. Zehazki, pertsonei paper nagusia ematen dien antolakuntza-eredurik badago, hori da kooperatiben eredua. Kooperatibetako langileek enpresan parte hartzen dute; horren kudeaketan, emaitzetan edo jabetzan parte hartzeko eskubidea edota betebeharra daukate. Ausartuko nintzateke baieztatzera baldintza hori dela kooperatiben lehiakortasunaren iturri nagusietako bat; izan ere, langileak partaide direnez, enpresaren alde euren onena emateko borondatea edukitzen dute.

Gainontzeko enpresek jardunbide horretaz ikasi beharko lukete. Langileen partaidetza ez da kooperatiben aukera esklusiboa. Izan ere, bestelako enpresa batzuk ari dira jada parte-hartzearen aldeko apustua egiten. Egin dezagun gogoeta:

Nork ez du atsegin enpresa barruan entzuna izatea? Nor ez da motibatua sentitzen norberak egindako proposamen bat aurrera ateratzen denean eta emaitza onak dakartzanean? Edo, nor ez da pozten enpresak emaitza positiboak lortzen dituenean eta etekin horren zati bat jasotzen duenean? Ez al genuke lan egiten dugun enpresaren kapitalaren zati bat gure esku eduki nahiko? Eta horrela izanik, ez al ginateke enpresak ondo funtzionatzeaz arduratuko? MIKen (Mondragon Innovation & Knowledge) ez dugu zalantzarik egiten, enpresan iritzia emateko eta parte hartzeko aukera daukaten langileak probetxugarriagoak dira.

 

Errealitatea konplexuagoa da egunetik egunera eta pertsonen papera gero eta nabarmenagoa da, gizarteek aurrera egiten duten heinean eta ezagutza zein balio erantsia sortzen duten neurrian. Ezagutza, sormena eta gaitasunak erakundea osatzen duten pertsonen menpe daudela kontuan hartuta, beharrezkoa da parte-hartze eredua enpresa mota jakin bat izatetik geure enpresen oinarrizko antolakuntza-modua izatera pasatzea. Alegia, partaidetza EZINBESTEKOA da merkatu lehiakor honetan biziraun nahi duten enpresentzat.

Ondorio moduan, geure enpresek erronka garrantzitsua dute aurrez aurre, eta ikasi beharreko eredu bat: kooperatibismoa.

Saioa Arando Lasagabaster
MIK zentroaren koordinatzaile zientifikoa

Itzuli