Ongi etorri garai interesgarri batera

Ongi etorri garai interesgarri batera

2015/05/25

Nahiz eta egia izan ekonomia soziala eta solidarioa (ESS) definitzerakoan desadostasunak sortzen direla, horietatik batzuk oso sakonak, ekonomia sozialeko eta solidarioko alorrean gabiltzanok badakigu gaur egun dagoen eredu ekonomikoaren alternatiba bat dela. Artikulu honen helburua ez da ekonomia soziala edota solidarioa zer den zehaztea; beraz, bi kontzeptuei buruz hitz egiterakoan, modu alternatibo eta arduratsuan, bai naturarekiko bai pertsonekiko, gizakien beharrak asetzen dituzten esperientzia eta jarduerak biltzen dituen talde gisa ulertuko dugu.

ESSaren alde eginbeharreko ekintzen inguruan zeharka aritu baino lehen, begiratu bat bota beharko genioke (azaletik bada ere) gaur egungo egoerari; hau da, ekonomia eta gizarte kapitalistari.

Aldaketaren beharra nabarmena da, merkatu libreak ekarriko dizkigun ondorioak argiak baitira: munduaren suntsipena; gizakiaren suntsipena bai fisikoa –pobrezia, gerrak- bai psikiko-morala –pasibotasuna, indibidualismoa, berekoitasuna, etab.-; krisi etengabeek egoera okertuko dute eta desberdintasunak areagotuko dituzte gizartean bertan nahiz gizarteen artean ere. Gainera, ekoizpen-indarren garapenari esker, badakigu biziraute duin eta soila bermatzeko aukera badagoela mundu honetan bizi garen guztiontzat, diskriminaziorik gabe; eta denboren poderioz, gizakiak sortzen duen jarduera ekonomikoak naturarengan duen inpaktua murrizteko aukera dago, energiaren eta teknologiaren erabilpenean egon diren etengabeko hobekuntzei esker.

Egoera horren aurrean, esaera-zahar txinatar bat aipa dezakegu: “ongi etorri garai interesgarri batera”; hau da, garai ezegonkor eta “nahasietan” aldaketa handiak egiteko unea da. Horregatik, momentu egokia da ekonomia soziala eta solidarioa gizartean indarrez sartzeko, sistema kapitalistan benetako alternatiba eskaintzeko.

Egungo sistemak ez du, duela urteak bezala, hain era hegemonikoan konbentzitzen, eta gizartearen gero eta eremu zabalagoa bat dator ekonomia sozialak eta solidarioak sustatzen dituen balio eta lehentasunekin. Kalera irtengo bagina eta hainbati ustekabean galdetuko bagenio, gehiengoa esplotaziori eta soldataren ezegonkortasunari uko egitearekin bat etorriko litzateke. Zalantzan jarriko zuten masako kontsumismoa, pertsonen baliabideekin jolasean dabilen espekulazioa (etxebizitza, elikagaiak, etab.). Azken finean, ondorioztatuko genuke jendeak, oro har, ez duela nahi gizarteko jarduera ekonomikoen motor bakarra etekinen bilaketa izatea.

Gauzak horrela, ekonomia sozialaren eta solidarioaren eginbeharrik premiazkoena, une honetan, bere burua ikusaraztearena da. Gizartearen aurrean ezagutzera eman itzulingururik gabe, gauzak egiteko beste modu bat badagoela, pertsonak eta ingurua errespetatuz. Hau da, herritarrei transmititu eredu kapitalista tradizionala zalantzan jartzen duten esperientziak badirela, eta alternatiba horiek kapitalismoaren ondorengo gizarte justuago baten jatorri izan daitezkeela. Esperientzien hedapen lan hori egitea beharrezkoa da, gero eta babes handiagoa izateko eta sare zabalagoa egiten joateko, gizartearen oinarri-oinarritik, pertsonekin.

Ildo horretan, jaio eta lan egiten du ALEAk, alternatiba ekonomikoen sustapenerako elkarteak, UPV/EHUko ekonomia soziala eta solidarioari buruzko masterraren haritik sortua. Eraldatzeko gogoz eta umiltasunez, ALEA elkartetik, kapitalismo basati, suntsikor eta krudelari aurre egiteko, alor ekonomikoko esperientzia ezberdinen hedapena egiten saiatzen ari gara; ESSk ikusarazteko saiakera horretan, eta jendea sentsibilizatu eta kontzientziatzeko.

Hala ere, ESSak ekonomia tradizionalari partida irabazi ahal izateko jende askok egin beharko du sistema alternatiboaren alde. Ezagutzera ematea, beraz, ez da nahikoa; ahalegin handiagoa egin beharko da; ESSaren praktiken eta balioen berrikuspena eta eguneraketa egiteaz gain, alor ezberdinetako eragileen artean, esperientzien eta barne-kooperazioaren sustapena ere egin behar da.

 

Aratz Soto.

 

Itzuli