Unibertsitate komunitatea eta Kooperatiben Nazioarteko Urtea

Unibertsitate komunitatea eta Kooperatiben Nazioarteko Urtea

2013/02/15

José Luis Monzón
CIRIEC-Espainiako presidentea

Ekainaren 20, 21 eta 22 artean, Donostian eta Oñatin egingo dira CIRIEC-Espainiaren Ekonomia Sozial eta Solidarioko Ikertzaileen XIV. Jardunaldiak. Aurten, antolakuntzan parte hartu dute Euskal Herriko Unibertsitateak, (GEZKI), Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak. Urtez urte gauzatutako jardunaldiok lehen mailako ekitaldia izan dira beti, eta arrazoi anitzengatik esan dezakegu kooperatibismoaren eta gizarte ekonomiaren munduarentzako berebiziko garrantzia duela bilkura honek.

Lehenik eta behin, esan beharra daukagu jardunaldi hauek benetako Kongresu Zientifikoa direla. Guztira, 197 komunikazio proposatu dituzte; 165 Espainiako 30 unibertsitate baino gehiagotik eta gainerako 32ak Iberoamerikatik eta Portugaletik. Batzorde zientifiko batek hautatutako komunikazioak zazpi tailer orokorretan, 15 tematikotan, irakaskuntzako tailer batean eta garapen fasean dauden doktoretza tesien tailer batean aurkeztuko dituzte.

Bigarrenik, azpimarratu behar dugu hiru euskal unibertsitateak Kongresuaren antolakuntzan dihardutela, bai eta gizarteko ekonomiako ikerkuntzako institutu eta zentroen ENUIES sarea ere. Ez da kasualitatea hasierako ekitaldian EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoko errektoreek parte hartzea.

Hirugarrenik, Euskadi eta Espainia mailako agintari gorenen interesa piztu du ekitaldiak. Horrela, Patxi López lehendakariak eta Fátima Báñez Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroak parte hartuko dute.

Laugarrenik, jardunaldiek CIRIECen izaerarekin bat datorren ezaugarri bat barneratuko dute: teoria eta praktika uztartzea, gizarte ikertzaileen eta erreformatzaile sozialen, gizarte ekonomiako ekintzaileen, arteko harremana sustatzea. Horren erakusle dira gizarte ekonomiako Espainiako patronaleko (CEPES) presidentearen partaidetza aktiboa eta euskal gizarte ekonomiako enpresen zuzendariz, unibertsitateko kidez eta politikariz osatutako bi mahai-inguruak.

Hiru egunez, 200 unibertsitariok arazoak identifikatu eta irtenbideak proposatuko dituzte gure gizarteak eta ekonomiak bizi dituen zailtasunak gainditzeko, enpresek eta kooperatibek mundu hobea eraikitzen laguntzen dutela erakusten duten arrazoi eta argudioak eskainiz. NBEk izendatu bezala, 2012a Kooperatiben Nazioarteko Urte gisa ospatzeko modu onena da hau unibertsitateko kideontzat.

Itzuli