Urte berria, aldizkari berritua

Urte berria, aldizkari berritua

2013/02/15

Baleren Bakaikoa Azurmendi

Gizarte ekonomiaren sektoreak ekitaldi anitz ospatuko ditu hasi berria den urte honetan Euskadin. Horrek ez du esan nahi aurreko urteetan jarduera gutxi izan direnik. Baina 2012k izaera berezia edukiko du, batez ere NBEk izendatutako Kooperatiben Nazioarteko Urtearen harira.

Hasteko, atal berriak barneratuko ditugu 2009tik argitaratzen dugun Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokiaren aldizkarian. Hemendik aurrera, gure lurraldean gertatzen diren albiste nagusien berri emateaz gain, euskal gizarte ekonomiaren arloko adituen iritziak ere plazaratuko ditugu. Era berean, “Euskal Gizarte Ekonomiaren Urteroko Txostena” lantzen jarraituko dugu, gure gizarte ekonomia hobetzeko proposamenekin.

Hainbat kooperatiba erakundek ekintza egitarau interesgarriak osatu dituzte. Aipatzekoak dira CIRIEC-Espainiaren XIV. Gizarte Ekonomiaren arloko Ikertzaileen Jardunaldiak. Horiek antolatzeko ardura dute, aurten, Euskal Herriko Unibertsitateko GEZKI institutuak, Deustuko Unibertsitateko Ikasketa Kooperatiboen Institutuak eta Mondragon Unibertsitateak. Jardunaldiak ekainean izango dira, Donostian eta Oñatin.

Martxoan ASLEren Hirugarren Kongresua egingo da eta, bertan, lan-sozietateek euren enpresa eredurako aldaketak proposatuko dituzte, krisi ekonomiaren eragin larriei erantzun ahal izateko. Bestalde, EHLABE, REAS eta GIZATEA entitateek, besteak beste, ekintzak gauzatzen jarraituko dute, gizartean etengabe sortzen diren erronka berriei erantzun positiboa emanez.

Laburbilduz, gizarte ekonomiak euskal gizarteari egiten dion ekarpena ikusarazteko urte interesgarria izango da 2012a. Are gehiago, banakako etekinak lortu ezinik enpresa merkantil asko ixten ari diren garai honetan. Zentzu honetan, Konfekoop.ek aurreikusitako ekitaldiak topagune garrantzitsuak izango dira.

Itzuli