XXI. MENDEKO LAN-SOZIETATEA

XXI. MENDEKO LAN-SOZIETATEA

2013/02/15

Josetxo Hernández. ASLEko gerentea.

ASLEren III. Kongresua 2012an egin da, bigarrena ospatu eta hamar urtera. Batzarrak lan-sozietatea etorkizunera begira jarri du, eztabaida antzuak gaindituz eta enpresa hauen kultura eta ideologia finkatu ahal izateko arauak osatuz. Horrela, lan-sozietatea lan bizitza desberdin batetarako aukera eman dezan lortu nahi dute.

Hogeita hamar urte igaro dira lehen lan-sozietateak sortu zirenetik 70. hamarkadan. Enpresa horiek legediarekin aldaketarekin (bi lege, zehazki) garatu ahal izan dira, eta beste arau batzuek ere eragina izan dute bilakaera horretan: adibidez, langabeziaren kapitalizaziorako 1044/85 dekretua edo Soldata Bermearen Funtsean egindako aldaketak.

ASLEk hainbat dokumentu landu ditu barne funtzionamendua arautzeko, eta langileen jabetza den enpresa baten kide izatearen inguruko ideologia sortzeko. Ildo honetatik azpimarratzen dute:

  • Lan-sozietatea lege bat baino gehiago dela ulertzeko Dekalogoa osatu behar da.
  • Lan-sozietatea “enpresa eredu berezi gisa” definitu behar da, honako kontzeptuetan oinarritzen baita: malgutasuna, zuzendaritza estiloa, motibazioa, formazioa, informazioa eta komunikazioa.
  • Barne erregimenaren araudia.

Martxoak 24ko 4/97 legeak inflexio puntu bat markatu zuen, erantzukizun mugatuko lan-sozietateak sortu zirelako. Alabaina, horiek sozietate anonimoak baino askoz txikiagoak ziren. Ondorioz, lan-sozietateak enpresa sortu berriekin identifikatzen hasi ziren.

Enpresa eredu horren izaera aldakorra da, ziurrenik, lan-sozietateen etsai nagusia, eta horrek eragin du lan-sozietate gisa sortutako enpresak hala izaten jarraitzea.

Arazo berriak sortzen joan ziren; hala nola partaidetzaren transmisioekin, horien balioa zehaztearekin, langile-bazkide berriek partaidetza horiek erostearekin, hasierako ondarea erosi zutenek egindako ekarpena neurtzeko irizpide ezberdinak etab. Baina hauei konponbidea eman genien SOZIETATE-KONTRATUAREN bitartez.

Egun onar dezakegu agian kontratu hori egokitzea dagokigula krisi garaian nola jokatu zehazteko, izan ere, horrelako kasuetan nekez bete dezakete enpresek bere garaian hitzartutakoa.

Lehen lan-sozietateak atzeraldi ekonomiko baten eraginez sortu ziren: 1973ko petrolioaren krisia. Garai hartan enpresa ugari itxi zituzten, Estatuaren egitura oraindik ez zegoen ondo osatua, eta ez zegoen erantzuna emango zukeen politika industrialik ere, baina gaur egungo errealitatea desberdina da. Egun bizi dugun krisiak munduko zutabeak kolokan jarri ditu.

Krisi honek inoiz baino eragin handiagoa izan du kontsumoan eta enpleguari kalte handia egiten ari zaio hainbat enpresa txikik ateak itxi behar izan dituztelako.

Lan-sozietatea 80. hamarkadan krisiaren aurkako eredu gisa sortu bazen ere, ezin da berdina esan 2011an; izan ere, egungo krisian enpresa askok merkatua ia guztiz galdu dute, eta ez daukate jada lan-sozietate bilakatzeko aukerarik.

ASLEk lan-sozietateei ideologia bat eman nahi izan die, baina egindako lanak ez du oso emaitza ona izan. Ideologia ideia eta epaietan oinarritutako doktrina da, faktore dinamikoa da, ekintzari zentzua ematen dio eta segurtasuna ematen du. Talde baten partaide sentiarazten gaitu eta elkarrekin ekitera garamatza. Gizarte aldaketarako motor indartsua da eta etorkizunerako itxaropena esnarazten du.

Ereduaren alde egin duten hainbat lider eta pertsona geureganatu ditugu, baina agian ez dira nahikoak izango.

Jakina da indarrean den kulturak norbere garapena bultzatzen duela taldearen garapenaren gainetik, baita norberaren arrakasta besteenaren gainetik ere, eta hori ez dator bat lan-sozietateen pentsamenduarekin.

Enpresen hazkundeaz hitz egitean, konturatzen gara gure eredua aldi baterakoa dela. Lan-sozietate izateari uztea ekintza administratibo hutsa da.

Eta horixe da lan-sozietateen etorkizuneko erronka: eredua erakargarri eta egonkorra izan dadin lortzea, enpresek ez dezaten horren erraz alboratu.

ASLEk 1992an egindako bilkuran lan-sozietateen funtzionamendurako eta ideologiarako elementuak zehaztu ondoren, 2002ko kongresuan, ondo kudeatutako enpresak garatzearen beharraz jardun zuten, erabateko kalitatetik gertu dauden gestio ereduetan oinarrituz. Beharrezkoa ikusten zuten enpresek ikuspegi estrategikoa izatea, kudeaketan pertsonak sartzea, adierazleak barneratzea, gizarte erantzukizuna izatea eta kultura aldaketa bermatzea. Testuinguru horretan hasi ziren “partaidetzan oinarritutako enpresen” fenomenoa aztertzen, bai eta horrek lan-sozietatearekin izan zezakeen harremana ere.

Batzarrak lan-sozietatea etorkizunera begira jarri du, eztabaida antzuak gaindituz eta enpresa hauen kultura eta ideologia finkatu ahal izateko arauak osatuz. Horrela, lan-sozietatea lan bizitza desberdin batetarako aukera izan dadin lortu nahi dute.

Jorratutako gai nagusiak:

  • Langile guztiak bazkide diren lan-sozitaterantz.
  • Akziodun sozietatea, akzioak zorroan pilatzeari erantzun egokiena ematen dion eta akzioen edo partaidetzen transferentziarako bizkortasun gehien duen elementu gisa.
  • Partaidetzan oinarritutako enpresa ereduaren txertaketa
  • Lan-sozietatea planteatzea espekulaziotik aldendutako lan bizitza eredu gisa.
  • Lan-sozietateen talde hitzarmena egituratzeko aukera eta enpresa hitzarmenen formalizazioa.
  • Gobernantza sistema bat arautzea.
  • Lan-sozietateak behin betikoz finkatzea Gizarte Ekonomiaren barne.

Etorkizunerako baldintzak eta oinarriak ezarri ditugu, eta jendearen konpromisoarekin oinarri horiek orainean errealitate arrakastatsu bilakatzea besterik ez da geratzen.

Itzuli