Artolazabal: “Peñascalek enplegurako prestakuntza- eta inklusio-lan berritzailea egin du”

Artolazabal: “Peñascalek enplegurako prestakuntza- eta inklusio-lan berritzailea egin du”

2017/12/21

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Peñascal kooperatibak lan-prestakuntzaren eta -inklusioaren arloan egiten duen lana eredu berritzailea da gazteen enplegua sustatzeko”. Artolazabalek, Peñascal kooperatibaren egoitza bisitatu zuen (antzinako Fundazioa), Bilbon; bertan, zortzi prestakuntza-zentro batzen dira, 14 urtetik aurrerako gazteen lan- eta gizarte-inklusioaren inguruan. 

Peñascalen arduradunek Artolazabal sailburuari azaldu ziotenaren arabera, “hemen hezkuntza-, enplegu- eta gizarte-sistemak nahasten dira, pertsona baten ibilbidean. Laneratzeko eta gizarteratzeko eredua hemen tailerretan eta beste ekimen batzuetan, dagozkien zentroekin elkarlanean, metodologia dinamikoen bidez DBH gainditzen duten 14 eta 16 urte bitarteko  pertsonekin hasten da”.

“16 eta 21 urte bitartekoentzat, Enplegurako Prestakuntza egiten da, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programekin. Horietan, 700 ikaslek parte hartzen dute, eta profesionaltasun-egiaztagiriak ematen dira. 21 urtetik gorakoek enpleguko eta bizitzan zeharreko ikaskuntzako ikasketak egiten dituzte prestakuntza dualean, laneratzean eta laneratzeko enpresan. Lanbidean prestatzeaz ez ezik, zenbait balio eta gaitasunetan ere prestatzen dira, besteak beste, taldeko lanean, elkartasunean, ekimenean eta abar”, esan zioten Peñascaleko arduradunek Artolazabal sailburuari.

Sailburuak Peñascalek Bilbon izen bereko auzoan dituen sukaldaritzako, elikagaigintzako, ostalaritzako, zurgintzako, iturgintzako, elektrizitateko, modako eta metaleko prestakuntza-atalak bisitatu zituen. Peñascalek kudeatzen dituen zortzi prestakuntza-zentroak Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan daude.

Beatriz Artolazabalekin batera, topaketan Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak eta Juan Ibarreche Lanbideko prestakuntza-zuzendariak parte hartu zuten, bai eta Juan Manuel Cano Peñascaleko presidenteak, David Tellería koordinatzaile nagusiak eta Santiago Membibre laneratzeko enpresen koordinatzaileak ere.

Iturria: Irekia

Itzuli