EGESek Gizarte Ekonomiaren azken bosturtekoaren datuak eskaini ditu

EGESek Gizarte Ekonomiaren azken bosturtekoaren datuak eskaini ditu

2018/09/28

ASLE, EHLABE, Gizatea, Konfekoop eta REAS Euskadik 74.696 langile dituzte eta 2017an 10.910 milioi euro fakturatu zituzten. Euskal Gizarte Ekonomiak guztira 74.696 langile baino gehiago ditu, EAEko enpleguaren %8,9 inguru. Gizarte Ekonomiak argi utzi du krisiari hobeto eusten dion eredua dela, eta enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa mantentzeko gai dela.  

Euskal Gizarte Ekonomia Sarea, Gizarte Ekonomiaren balioak eta jardunbideak sustatu eta, horrela, enplegu iraunkorra eta kalitatezkoa bultzatuko zuen lankidetza-gune berri bat sortzeko helburua du. 2017an, guztira Euskadiko 74.696 langile zeuden sare honen barruan, 10.910 milioi eurotik gorako fakturazioarekin.  

Euskadiko Gizarte Ekonomiako bost erakunde esanguratsuenak daude EGESen barruan: ASLE, Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea; EHLABE, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea; GIZATEA, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea; KONFEKOOP, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa; eta REAS Euskadi, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea.  

Pertsonak kapitalaren gainetik jartzen dituen ekonomiaren ikuspegi eta praktika bat da Gizarte Ekonomia. Horrez gain, parte-hartzean eta demokrazian oinarritutako enpresa-jardunbideak garatzen ditu, tokiko garapen iraunkorraren alde egiten du eta gizarte-kohesioa sustatzen du, erantzukizun eta elkartasun irizpideak oinarri hartuta.  

Negozio-aukera bat izateaz gain, Gizarte Ekonomiak gizarte-beharrizanei ere erantzuten dien enpresa-eredua garatzen du. Nabarmentzekoa da pertsonek eredu honetan duten parte-hartzea. Enpresako langileez gain, 1.200.000 pertsona baino gehiago langile ez diren bazkideak dira, hala nola, besteak beste, boluntarioak, laguntzaileak, nekazari-bazkideak, ikastetxeetako gurasoak edo kontsumoko bazkideak.  

EAEko enpleguaren %8,9 inguru  

2017ko datuen arabera, Gizarte Ekonomiak, garapen iraunkorraren eredu ekonomikoarekin konprometitutako sektoreak, 74.696 langile ditu Euskadin, EAEko enpleguaren %8,9 inguru. Datu horien beraien arabera, gizarte-ekonomiak autonomia erkidegoko ekonomia orokorrak baino erantzun hobea eman dio krisiari, enpleguaren galera apalagoa izan duelako eta berreskurapen-zantzu argiak erakusten ditu.  

Hala berean, Gizarte Ekonomiako 1.853 enpresa daude Euskadin. Nazioarteratzearen ondorioz, guztira, 5.118 milioi euro fakturazioa duten enpresak dira. Horrez gain, Gizarte Ekonomiak %23ko inbertsio-tasa duela azpimarratu beharra dago, euskal ekonomia osotasunean duen %17ren aurrean.  

 

Errealitate hori oinarri hartuta, EGESek gizarte-ekonomiaren balioa nabarmendu nahi du, krisiari aurre egiteko eredu hobea delako, batez ere, enplegu gehiago eta kalitatezko enplegua mantentzeko gai baita. Krisia gorabehera, Euskadiko Gizarte Ekonomiak 2011ra arte enplegua sortu du, eta 2012-2014 epean enpleguak eta fakturazioak behera egin badute ere, bi adierazleak egonkortzeko gauza izan dira. Epealdi luzeago bati begiratuta, azken hamarkadan, Euskadiko Gizarte Ekonomia magnitude guztietan hazi dela ikus daiteke.  

Lan-ildoak  

Gizarte Ekonomiarentzat espazio kolektibo, propio eta zehatz bat eratzeko beharrizanetik sortu da EGES, nahiz eta, orain arte, sare hau osatzen duten erakundeek helburu komunengatik lan egiteko aldizka elkartu izan diren. Batasun honek indarrak batzeko eta Gizarte Ekonomia osoari eragiten dioten erronkei aurre egiteko balio du. Hartara, Gizarte Ekonomiaren hazkundeak Euskadiren orainarentzat zein bere etorkizuneko garapenarentzat dituen onurak euskal gizarteari eta haren eragile instituzional, politiko eta sozialei ezagutzera ematea da EGESen nahia. Enpresa-garapen ereduak eta Gizarte Ekonomiaren hazkundeak berez dakar ingurumenaren eta gizartearen hobekuntza.  

Elkarrekin egindako lanaren bidez, EGESek bere helburuak lortzeko hainbat ekintza prestatuko ditu. Besteak beste, ikerketa-ekintzak egin, gizarte-ekonomiaren balioa hedatzeko foro eta jardunaldiak antolatu edo gai horren inguruko argitalpenak kaleratuko ditu. Eta, batez ere, kudeaketa-gaitasunak garatu, finantza-arloa sendotu, aktibo produktiboetan inbertsioak egin, berritu edo kanpoan saltzeko pisua sortuz lehiakortasuna handitzeko lan egingo du. 

Iturria: EGES

Itzuli