Elikadura burujabetzaren bueltako banaketa arloko esperientzien ugaritzea

Elikadura burujabetzaren bueltako banaketa arloko esperientzien ugaritzea

2017/12/21

Leku ezberdinetan azkenaldian sortzen ari diren esperientziek elikadura burujabetza eta tokian tokiko produktu ekologikoen aldeko mugimendua geroz eta gehiago zabaltzen ari dira.

Urteak eta urteak daramaten esperientzia ezberdinak ahaztu gabe, azkenaldian hainbat tokitan elikadura burujabetza eta tokian tokiko produktu ekologikoen garrantzia azpimarratzen, jorratzen eta bultzatzen dituzten ekimenak hedatzen ari dira.

Batetik, abenduaren hasieran ireki zituen ateak Labore Bilbo proiektua aipa genezake, zeina saltoki itxura duen kontsumo elkartea bezala laburtu daitekeen, hainbat ezaugarri interesgarrirekin. Helburua, bertako elikagai osasungarriak prezio herrikoietan saldu eta erosi ahal izatea da, hurbileko produktuen alde eginez eta ekoizle zein kontsumitzaileentzat onuragarriak eta justuak izango diren harremanak sustatuz. Zentzu horretan, hiru zutaberen baitan mugitzen da proiektua: bertokoa, agroekologikoa eta soziala eta bazkideen artean egina eta eraikia izanik, modu demokratikoan antolatzen den proiektua da. Kolektibo bakoitzarentzat onura zehatzak bermatzea du helburu, hala nola: Kontsumitzaileei kalitatezko produktuak prezio herrikoietan eskuragarri izatea, nekazariei tratu duina eta prezio justua bere lanaren truke eta langileentzat lan baldintza duinak.

Bestetik, Otsokop proiektua dago, aurrekoaren oso antzekoa eta Angelun kokaturiko supermerkatua ireki berri duena. Kasu honetan ere, hiru dira esperientzia honen oinarrian dauden elementu giltzarriak: bertako produktuak bilduko dituen espazio fisikoa; kooperatiboa, kontsumitzaileak izango direlarik bazkideak eta proiektuaren erabaki estrategikoak hartuko dituztelarik asanbladan; eta parte hartzailea, izan ere kooperatibako bazkide bakoitzak bere denbora eskainiko dute kooperatibaren funtzionamendua ahalbidetzeko, soldatapeko langile ahalik eta gutxien izateko eta proiektuaren izaera parte-hartzailea bermatzeko. Erosketetan sinergiak lortzea, bitartekariak ahalik eta gehien murriztea eta bolondresen parte hartze altuarekin soldatapeko langile gutxi izatea da proiektuaren muina.

Azkenik, Azpeitian kokatzen den Elikagunea proiektu kooperatiboa dugu, zeinak elikagaiak sustatuz eta kontsumo eredua eraldatuz, lehen sektorea indartu nahi duen. Urtarrilean irekitzekoa den “supermerkatu” honetan, Azpeitia zentro bezala hartuta 150 km-ren bueltan ekoizten diren elikagaiak soilik bilduko dituen gune bat da, baina gainera heziketa gunea, dastaketa gunea, sukaldea, Basque Label harategia eta janari dendak osatua.

Proiektu bakoitzaren informazio gehigarria eskuratzeko egin klik:

-          Labore Bilbo

-          Otsokop Angelu

-          Elikagunea Azpeitia

Iturria: Labore, Otsokop, Elikagunea

Itzuli

Agenda