Eskuragarri dago jadanik sarean Gizarte Ekonomiako Euskal Aldizkaria REVES 15

Eskuragarri dago jadanik sarean Gizarte Ekonomiako Euskal Aldizkaria REVES 15

2019/02/28

UPV/EHU-ko GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide kooperatiboaren Institutuak argitaratzen duen aldizkaria da eta azkeneko ale honetan zenbait berrikuntza barneratu dira, aro berri bati ekin diolarik honela Aldizkariak, Zuzendaritza ere eguneratu den momentuan.

Indarberrituta datorren “Revista Vasca de Economía Social-Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkaria REVES” 15 alea eskuragarri dago sarean, nornahik kontsultatu eta erabili dezakeelarik Open Journal System bidez. Guztira 11 ekarpen bildu dira (horietatik 4 euskaraz eta 7 gazteleraz) enplegu banaketaren, euskal kooperatiben aspektu ezberdinen inguruan, gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioarentzako politika publikoen aferaz, edota etxebizitza kooperatiben errealitatearen inguruan, besteak beste.

Guztira 304 orrialde dituen Aldizkaria hiru atal nagusietan bereizten da. Lehenengoan unibertsitate ezberdinetako ikerlariek egindako ekarpen zientifikoak, artikulu formatuan, jasotzen dira. Honela, Euskal Unibertsitate desberdinetan Gizarte Ekonomian diharduten ikerlarien ekarpen akademiko nagusiak jaso eta zabaltzea da helburu nagusia eta REVES 15ean Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko, UPV/EHUko, Unibersitat de Valencia eta Universidad de Buenos Aires-eko ikerlarien ekarpenak jaso dira.

Bigarren atalean “Gizarte Ekonomia eta Solidarioa Unibertsitate Master”eko Master Amaierako Lan bikainenetatik eratorritako bi artikulu aurkezten dira. Atal honen bitartez, zuzendaritza berriak esaten duen bezala, “eskuartean dugun aldizkariak urtero masterraren ikusgarritasuna eta bertako markoan sortzen diren lan onenen erakusleiho izatea ere badu jomuga”. Aurrerapauso ausarta eta irmoa etorkizuneko ikerlarien lehen pausuak ematen laguntzeko, ezbairik gabe.

Hirugarren eta azken atalean, berriz, GEZKIk urtero antolatzen duen Gizarte Ekonomiaren inguruko jardunaldian aurkezturiko hiru ponentzia barneratu dira, aurten Etxebizitza Kooperatiben gaiaren inguruan.

 Iturria: GEEB

Itzuli