Eusko Jaurlaritzak gazteak bueltatzeko programa zabaltzeko protokoloa sinatu du hiru unibertsitateekin, Confebask, ASLE eta Konfekoopekin

Eusko Jaurlaritzak gazteak bueltatzeko programa zabaltzeko protokoloa sinatu du hiru unibertsitateekin, Confebask, ASLE eta Konfekoopekin

2017/11/29

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek, Confebaskek (Euskal Enpresarien Konfederakuntza), ASLEk (Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea) eta Konfekoopek (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa), euskal gazteak Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dauden lan-zentroetara bueltatzeko programari zabalkundea emateko lankidetza-protokoloa sinatu dute.

Aldeek adostu dute gazteak bueltatzeko programari buruzko informazioari zabalkundea ematea, enplegu-aukerak antzematen lankidetzan jardutea eta programak eskaintzen dituen aukeren inguruan interesa izan dezaketen pertsonen aurrean sustapen zuzena eta pertsonalizatua egitea. Horretarako, alde sinatzaileek beren giza baliabideak, informatikoak eta materialak izango dituzte.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbidek, aurten, programa aitzindaria jarri dute martxan; kalitateko enplegua sustatzen du, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean lanean ari diren 35 urtetik beherako gazteak Euskadira itzuli ahal izateko. Laguntza-ildoa bikoitza izango da: alde batetik, 35 urtetik beherakoak diren eta kanpoan gutxienez 12 hilabete lanean daramatzaten euskaldunak kontratatzen dituzten euskal enpresek diru-laguntza jasoko dute, soldataren zati bat ordaintzeko; bestetik, kontratatutako gazteek laguntza bat jaso ahalko dute, joan-etorrien gastuak ordaintzeko.

Enpresentzako laguntzak gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratuetara bideratuko dira, eta plusak emango zaizkie kontratu mugagabeak sinatzen dituzten enpresei. 2017an, 1.766.667 euro bideratu dira programa horretara, eta programarekin jarraitzea aurreikusten da.

Iturria: Eusko Jaurlaritza

Itzuli