Gipuzkoako enpresetan pertsonen partaidetza aztertzeko tresna: demokrazia ekonomikorantz aitzina joateko lanabesa

Gipuzkoako enpresetan pertsonen partaidetza aztertzeko tresna: demokrazia ekonomikorantz aitzina joateko lanabesa

2018/03/01

GEZKI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatzen diren enpresetan langileek duten parte hartzea aztertzeko lanabesa landu du. Ikerketa GEZKI Institutuko disziplina anitzeko ikertzaile-talde batek egin du eta “pertsonekin eta lurraldearekin engaiatutako enpresak sustatzea” da tresnaren helburua.

Aipatu beharra dago azterketaren ardatza pertsona dela, enpresaren Gobernuaren inguruko partaidetzari begiratzen dion perspektibatik, Baylos-ek azaltzen zigun legez bere “Control obrero, Democracia Industrial y Participación” lanean (1992). Izan ere, enpresako partaidetzaren inguruko eztabaidaren azpian botere-harremanen banaketa eraginkorra baitago jokoan. Parte hartzea sustatzeak erakunde ekonomiko berdintsuagoen aldeko apustua egitea dakar, argudio honen jatorria Marx eta beste marxista batzuetan dugu, Nancy Fraser-en “Qu’est-ce que la justice sociale? Reconnaissance et redistribution” (2005) bezala esaterako, zeinaren proposamena antolakunde berdintsuak sustatzea den, erakunde ez-berdintsuetan ematen diren banaketa eta aitortza disparekotasunei aurre egiteko.

Auto-ebaluaketa bidez pertsonen parte hartzea enpresan neurtzeko tresna hau enpresaren hiru ardatz ezberdinetan ebaluatzeko pentsatua dago: partaidetza kudeaketan, partaidetza emaitzetan eta partaidetza jabetzan. Honela, enpresa barneko pertsona guztien partaidetza neurtzen, nabarmentzen eta sustatzen duen lanabesa osatzeko ahalegina egin da. Aipagarria den beste aspektuetako bat enpresa barnean “nahi” den partaidetzari buruzko atal bat barneratu izana da, erakundea osatzen duten pertsonek gerora begira zer nahi duten kontuan hartzeko eta etorkizunerako proiekzioa baloratzeko xedearekin. Soilik modu honetan uler daiteke disparekotasunak birproduzitzen ez dituzten eta lurraldearekin erabat engaiaturik dauden erakunde mota hauen sustapena.

 

Liseth Díaz Molina

Ikerlaria

UPV/EHU

Itzuli

Agenda