Gizarte eraldaketa izan dute hizpide VI. Kooperatibagintza Topaketan

Gizarte eraldaketa izan dute hizpide VI. Kooperatibagintza Topaketan

2018/06/29

Lanki Mondragon Unibertsitateko kooperatibismoaren ikertegiak antolatuta, kooperatibismoaren inguruko topaketa egin zuten Huhezi fakultatean, ekainaren 15ean. Kooperatibak eta gizarte eraldaketa izan dituzte hizpide topaketa hauetan.

Bixente Atxak, Mondragon Unibertsitateko errektoreak, azaldu du unibertsitatearen misioetako bat dela, hain zuzen, gizartearen eraldaketa, eta batzuek hori utopikotzat hartzen duten arren, Atxak posible ikusten du. "MUren lehen fakultatea Goi Eskola Politeknikoa izan zen, eta proiektu horretatik beste hainbat proiektu sortu dira. Pertsonak erakarri, talentuak erakarri, ezagutza sortu, teknologia garatu eta abar egiten dugu, eta ondoren, hori guztia enpresetara transferitu. Enpresa hauek eraldatu dute gure bailara eta Euskadi, oro har. beraz, posible da hezkuntzatik eta unibertsitatetik bultzatzea gizarte eraldaketa hori".

Ainara Udaondok, Lankiko zuzendariak, azpimarratu zuen errealitatean eragiteko bokazioz egiten dutela lan, eta gaineratu du gizartea eta erakundeak artikulatzeko oso praktika interesgarria dela auto-eraketa eta kooperatibismoaren praktika.

Kooperatibagintzaren praktikak kontraesanak, zailtasunak eta dilemak dituela onartu duen arren, eredu kooperatiboaren balioa handia dela uste du Udaondok. "Kooperatibak ez dira formula perfektuak, inondik inora, baina zalantzarik ez dugu erantzun zehatz eta interesgarriak eskaintzen dituela enpresa eta ekonomia egiteko molde gizatiarragoak garatzeko orduan".

Norabide horretan, topaketa hauek beste aletxo bat izatea gurako lukeela dio Lankiko zuzendariak. "Ekonomia sozialak eta kooperatibismoak erronken gaineko hausnarketarako espazio gisa sortu genituen jardunaldi hauek".

Patrick Duguay Quebec-eko Garapen Erregionaleko Kooperatibako zuzendaria eta Ana Moreno elkarte jasangarrien ikerketa taldeko kidea izan ziren hizlariak, eta horrez gain, bailarako zenbait kooperatibetako kideek euren esperientziak plazaratu zituzten.

Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan zizkieten Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte ekonomia sailari topaketa hauekin bat egin eta babesteagatik. Hain zuzen ere, Gizarte Ekonomiaren zuzendari Jokin Diazek parte hartu zuen jardunaldi hauetan.

Iturria: Goiena

Itzuli

Agenda