Kooperatiba eta Gizarte Ekonomian aditua den Jordi Garcia Janérekin jardunaldi bikoitza

Kooperatiba eta Gizarte Ekonomian aditua den Jordi Garcia Janérekin jardunaldi bikoitza

2017/12/21

Donostiako UPV/EHU-ko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egin zen, GEZKI Institutuak (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutua) antolatua. Goizeko hitzaldia “Nazio auzia eta kooperatibagintza, Kataluniako kasua” titulupean eraman zen aurrera eta arratsaldeko solasaldi zikloan “Gizarte ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Politika Publikoaren” inguruan aritu ziren.

Goizeko saioan, Jordi Garcia katalan eta kooperatibistak, mugimendu kooperatiboak erabakitze eskubidea (orokorrean zein Kataluniako auzian zehazki) zergatik babestu beharko lukeen argudiatu zuen, kooperatibagintzaren 5 printzipioetan oinarriturik: borondatezko atxikimendua, erakundeen kudeaketa demokratikoa, kooperatiben autonomia eta independentzia eta tokiarekiko atxikitasuna.

Ondoren bere ikuspuntuaren arabera nazio askakuntzarako mugimenduen eta kooperatibagintzaren arteko elkarpuntuen inguruan jardun zuen, hala nola gertutasuna eta burujabetza kolektiboa (politikoa eta ekonomikoa hurrenez hurren). Jarraian Kataluniako mugimendu kooperatiboaren errepaso txiki bat egin zuen XIX mende amaieratik izandako zenbait kooperatibista famaturen bidez, gerturaturikoekin eztabaida interesgarri batekin amaitzeko.

Arratsaldean, Garcia Janék Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa, batetik, eta berarentzako politika publikoak, bestetik, definitu zituen lehenik eta behin. Zentzu honetan, politika publikoak Sektorean eragina duten eta estatuak aurrera eramaten dituen eta ez dituen ekintzen multzo bezala definitu zituen. Segidan autonomia erkidego, estatu espainiar zein Europako ohiko politika publikoak gehienetan kooperatiba zein lan sozietateetako enplegu sorkuntza eta mantentzera bideraturikoak izan direla gogoratu zuen, langabezi tasari aurre egiteko metodo anti-zikliko moduan, bai eta enpresen lehiakortasuna hobetze alderakoak ere.

Aipaturiko politika hauetaz gain, bestelako politika publiko batzuk beharrezkoak direla eta horiek lortze aldera aurrera egin beharra defendatu zuen, zeintzuk sektorearen ikuspegi orokor bat izan beharko luketen (ez soilik erakunde batzuk kontuan hartuz), ko-eraikuntza bidez agenteekin diseinatuak eta lurraldeari loturikoak.

Katalanaren iritziz, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioarentzat politika publikoek marko egoki bat izan beharko lukete Sektore osoaren inguruko lege orokor batekin lehenik eta beste lege espezifikoekin osaturik, zeinak ondorengo politiken mesedegarri izango litzatekeen:

- Emankortasun politikak, ahalduntze indibiduala, elkartegintza, etab. bultzatuz Gizarte Ekonomia jendartean zabaltzeko ongarri gisa jokatuko luketenak.

- Bultzada politikak, zeintzuk lau motatakoak liratekeen: sentsibilizazio politikak (jendeak sektorea ezagutu dezan, bere baloreak, etab.), sorkuntzarako politikak (sorrerarako erraztasunak, fiskal motatakoak, etab.), kontsolidazio politikak (jarraipena, aholkularitza, etab.) eta proiektu deigarriak aurrera eramateko politikak (trakzio efektua izango luketenak martxan jartzea…).

- Politika sektorialak arlo ezberdinetan Gizarte Ekonomia barneratuz, hala nola, etxebizitza, ekipamendu publikoen hornikuntzan, etab.

- Aurreko ildoei laguntzeko politikak, zeintzuen artean errealitatearen antzemate eta ezagutza, Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko erakundeen inpaktu soziala (balantze sozialen bidez, esaterako) eta sektoreari zuzenduriko politika publikoen ebaluazioak nabarmenduko liratekeen.

Iturria: GEEB

Itzuli