Kooperatibagintza Kuban: Orestes Rodriguezen eskutik eztabaida sakona Donostian 

Kooperatibagintza Kuban: Orestes Rodriguezen eskutik eztabaida sakona Donostian 

2018/05/31

Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko GEZKI Institutuaren eskutik Kubako Pinar del Río  Unibertsitateko Orestes Rodriguez Musak hitzaldia eman zuen, kooperatibagintzak Kuban egun duen errealitate eta erronken inguruan eztabaidatzeko. Donostiako Carlos Santamaria Zentroan izan zen, joan den maiatzaren 25ean.  

Ordu bete pasako hitzaldian (hemen ikusgai osorik, gazteleraz), Kubatar juristak uharteko testuingurua azaldu zuen lehenik eta behin, batez ere ekonomian eta aktore nagusietan zentratuz. Honela, oso modu ulergarrian 2012 urtetik Kuban ematen ari den "modelo sozio-ekonomikoaren eguneratzearen" nondik norakoak azaldu zituen, baita ekonomia eragile garrantzitsuak zeintzuk diren eta zein paper duten ere.  

Irakasle kubatarra kritiko aritu zen kooperatibagintzak bere Herrian bizi duen egoeraz baina, behin baino gehiagotan errepikatu zuen bezala, betiere kritika modu konstruktiboan planteatuz eta kooperatibak sozialismoaren eraikuntzan izan lezakeen potentzialtasunak azpimarratuz. 

Jakina denez, aktore ekonomiko nagusia Estatua bera da, zeinak politika, gizarte zein ekonomia mailan bermatzaile bezala jarduten duen, planifikazio zentral indartsu baten eskutik. Zentzu honetan, ekoizpen bitarteko nagusiak, ekonomiaren planifikazioa (prezioak eta abar finkatuz, zenbait kasutan) eta esportazio zein inportazioen erregulazioa ere Estatuak egiten du. Hala ere, aipaturiko "modelo sozio-ekonomikoaren eguneratzearekin" aldaketa handiak ematen ari dira Kuban, besteak beste ekonomiaren flexibilizazio maila bat. 5 puntu garrantzitsu aipatu zituen testuingurua ongi ulertarazteko:  

 1. Atzerriko kapitala duten enpresen igoera. Atzerritik datorren kapitalaren sarrera baimendua izan da, eta nahiz eta sortzen diren enpresak S.A. itxura duten Estatuak bazkide nagusi bezala parte hartzen du sozietatean, kontrol politikoa bermatuz.  

2. Norbere konturako langileen figura. Gurean autonomo bezala ezagutzen dugun figura onartzen da Kuban, eta mota honetako aktore ekonomikoak jardun daitezkeen sektoreak zabaldu dira. Hala ere aipatzekoa da pertsona naturalak izaten jarraitzen dutela, hau da, ez da pertsonalitate juridikorik onartzen. Arazoa izaten da norbere konturako langile guztiek status berbera dutela, eta beraz ordaintzen dituzten tributuak ere bai, nahiz eta errealitatean pertsona batzuek negozio propioak izaten dituzten, "soldatapeko" langileekin (azken hauek norbere konturako langile figura badute ere).  

3. Nekazal-arrantza ekoizpeneko Kooperatiben garrantzia, kreditu eta zerbitzu kooperatibekin batera. Historikoki onartuak izan diren kooperatiba mota bakarrak izan dira eta bi motakoak nekazal-arrantza ekoizpeneko kooperatiba ezberdintzen dira: batetik, nekazari txikiek euren lurrak kooperatiban batu eta batera ekoizten dute, eta bestetik, nekazari bakoitzak bere lur zatia mantenduz kooperatiban biltzen dira bestelako eginkizun/beharrak asetzeko.  

4. Ekoizpenerako oinarrizko unitateen kooperatiben existentzia, zeintzuek Estatuaren jabetzakoak diren lurrak ustiatu eta kudeatzen dituzten.  

5. Nekazal-arrantzakoak Ez diren Kooperatiben sorrera. 2011 urtetik aurrera esperientzia piloto bezala onartu zen eta gaur egun 400 inguru daude Kuba osoan. Kooperatiba mota hauetako bakoitza, banan banan onartua da Gobernuaren aldetik.  

Jarraian Pinar del Rio Unibertsitatetik bultzatzen ari diren kooperatiba identitatearen ideiak zeintzuk diren azaldu zuen: pertsonen elkartea dela, balore etiko jakin batzuekin; enpresa izaera duela, zeinak elementu ekonomikoa biltzen duen; printzipio kooperatiboen baitako funtzionamendua izan behar duela, elementu funtzionala osatzen duelarik; eta kooperatibaren helburua bazkide eta komunitateari zerbitzu bat ematea dela, azkenik.  

Nola ez, kooperatibaren kontzeptu juridikoak Kuban izandako bilakaera historikoa ere azaldu zuen.  

Zentzu horretan aipagarriena kooperatiben lege orokorrik egon ez izana dela adierazi zuen, azken hamarkadetan batez ere. 

Hitzaldiarekin amaitzeko eztabaidarako mami gehiengo puntuan murgildu zen Rodrigez irakasle kubatarra, azken 7 urteetan sortzen joan diren nekazal-arrantzakoak ez diren kooperatiben inguruan, hain zuzen ere. 

Modu garbi eta ulergarrian azaldu zituen gaur egun Kubako kooperatibako egoera eta kooperatiben inguruan agerian geratu diren kontraesan eta mugak, baina baita arazoari aurre egiteko eman eta ematen ari diren pausuak ere.  

Arazoaren arrazoi nagusietako batek Kooperatiba mota hauen sorrerarekin zerikusia du. Kooperatiba hauen sorrera Estatuaren ekimenaren ondorio dira. Izan ere, ekonomia kubatarrarentzat estrategikoak ez diren eta Estatuak efizientzia “gutxi”  duen sektoreak liberalizatu egin dira aipaturiko eredu sozio-ekonomikoaren eguneratzearekin. Mota berri hauetako kooperatiben sorrerak, beraz, estatua hainbat sektoretik aske uzteko helburuari erantzuten die.  

Honek zuzenean eragiten du kooperatiba hauen izaeran eta kooperatiben errealitatean. Kooperatiba ez da bazkideen nahiagatik sortzen, baizik eta lehen enpresa estatala zena kooperatibizatzen da Estatuak hala erabaki duelako. Bestalde, gurean ezagun dugun fenomeno bat ere pairatu dute, izan ere sortu diren kooperatiba batzuetan, sozietateok bazkideen etekin ekonomikoa lortzeko bitarteko soil bihurtu dira, printzipio kooperatiboetatik aldenduz. Azkenik, ez dago kooperatibagintzaren inguruko mugimendu edo antolakunde finkaturik. 

Guzti honek, azken finean “identitate kooperatiboaren distortsioa” eragin duela azaldu zuen Orestes Rodriguezek, eta horren aurrean Gobernuak harturiko erabaki drastikoena plazaratu zuen: nekazal eta arrantza ekoizpenekoak ez diren kooperatiben sorrera prozesua eten egin da errotik, baita nabarmen kooperatiben logikatik at zeuden hainbat sozietateren aktibitatearen etetearekin batera ere. 

Bukatzeko unibertsitate zein beste sektoreetatik erantzun egokia emateko egiten ari diren esfortzuak aipatu zituen, batez ere formakuntza kooperatiboan zentratuz, sozialismoa eraikitzeko prozesuan kooperatiba ereduak izan lezakeen garrantzia gogoraraziz. 

Hitzaldi interesgarriaren ondoren, eztabaida eta galdera-erantzunen tartea iritsi zen, beste orduterdiz luzatu zena, gogoeta interesgarriekin, kooperatibagintzak Kuban zein gizarte kapitalistetan dituzten kontraesanen inguruan (eztabaida osorik ikusgai hemen). 

Iturria: GEEB 

Itzuli