KoopFabrika, Ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko programa

KoopFabrika, Ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko programa

2018/02/01

Ekintzailetza Sozial kooperatiboa eta Ekonomia Soziala sustatzeko lankidetza programaren edizio berria abiatu zen urtarrilaren 17an, Eskoriatzako Huhezi Fakultatean.

KoopFabrika Gipuzkoako lurraldean zehar eskaintzen den programa ibiltaria da, eta lau eskualde nodo nagusitan saretzen da: Oarsoaldea, Debagoiena, Beterri-Buruntza eta Bidasoaldean. KoopFabrikaren bitartez balore sozial, kolektibo, kooperatibo, tokikoak eta eraldatzaileak lantzea bilatzen da eta azken buruan proiektu eta ekimen ekonomiko berriak martxan jartzea.

Bigarren ikasturtea bada ere, bere ibilbideak pare bat urte gehiago du; aurrez gauzatutako bi ekimenen batura baita: Kooperatzen, Beterri-Buruntzaldean, eta Berrekin-Berregin, Debagoienean. Hor jardun ziren eragileak barneratuz eta beste batzuk batuz, bide berriari ekin zioten iaz. Sustatzaile nagusiak, Olatukoop sarea eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia dira, baina taldea zabalagoa da. Haiekin lankidetzan dihardute hainbat udalek, garapen agentziak eta EHUko Gezki institutuak; finantzatu, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten du.

Aurtengo edizioan 50 lagunek eman dute izena eta 30 proiektu inguru landuko dira. Hiru fasetan –edo fabriketan– bereizitako programa da: formakuntza, tutoretza eta saretzea. Lehena, hamar asteko trebakuntza oso praktikoa da, ekonomia sozialean oinarritutako proiektugintzaz ikasteko. Lau orduko ekimenak antolatu dituzte asteazkenetik ostiralera. Eskoriatzan edota Hernanin egiten dituzten saio bateratuetan teoria eta tresnak landuko dituzte; Eskualdekoetan, berriz, ikasitakoa euren egitasmora egokituko dute; hartara, lurralde bakoitzeko eragileekin saretu eta tokiko ekonomiaren ikuspuntua ere jasoko dute. Izan ere, proiektu kolektibo berriak hazitegi nodoetan garatzen dituzte, tokiko behar eta errealitateak aintzat hartuz. Aurten, halako bana dute Gipuzkoako lau eskualdetan, aurretik parte ziren Debagoien, Buruntza-Beterri eta Oarsoaldeari, Bidasoa bailara ere batu baitiote.

Prestaketa amaitzean, egitasmo bakoitzaren arduradunek hainbat helburu zehaztu beharko dituzte, eta horiek lortzen laguntzeko, tutore edo bidelagun bat atxikiko zaie. Aste Santutik uda bitartean ekimen pilotuak prestatuko dituzte, eta ondoren, martxan jarri, egungo ehun komunitarioan txertatzeko tokiko eragileekin saretzea landuz.

 

Arianne Kareaga Irazabalbeitia

Lanki Ikertegiko teknikaria

Mondragon Unibertsitatea               

Itzuli

Agenda