KoopFabrikarako izen ematea zabaldu da

KoopFabrikarako izen ematea zabaldu da

2018/10/31

Ekonomia sozial berria eta ekintzailetasun soziala sustatzeko programa da koopFabrika eta aurten, gainera, urteko edozein unetan izena emateko aukera zabaldu dute. Hiru ataletan banatutako ibilbide zurruna izatetik, proiektuei bidelaguntza eskaintzeko eredu malguagora egiten du jauzi honela proiektuak.

Kooperatiba Fabrika proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan
jartzen laguntzeko programa da. 2017an lehen aldiz abian jarri zenetik, 30 proiektutik gora sustatu dira.

 Izen ematearen unean Koopfabrikako lantaldea martxan jarriko da, proiektua eta bere beharrak ezagutzeko.

Proiektu bakoitzari bere ibilbidean lagunduko dion tutorea esleituko zaio hasieratik. Ekintzaileekin batera ibilbidea eta helburuak zehazteko, ekintzarako karpetako tresnak lantzeko eta ekintzailetza prozesuaren jarraipena egiteko bidelaguna izango du proiektu bakoitzak hasieratik, bere erritmoetara hobeto egokitzeko.

Gainera, KoopFabrika programa egiteko bi aukera eskainiko dituzte:

- KoopFabrika trinkoa. Ekintzailetza sozial eta kooperatibo prozesuan buru-belarri sartzeko denbora dutenentzako saioen segida trinkoa.

- KoopFabrika ibilbidea. Haien ekintzailetza sozial eta kooperatiboaren ibilbidea bestelako lan edo ikasketa jarduerarekin konbinatu behar dutenentzako pentsatua.

Lankidetzan sorturiko programa da KoopFabrika, izaera anitzeko eragileak saretzen dituena: Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, Bagara, EHUko GEZKI Gizarte Ekonomia Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua eta Debagoienako garapen agentzia, Beterri-Buruntzako udalak eta Oarsoaldea garapen agentzia. Gipuzkoako Foru Aldundiak babesturiko programa.

Izen emateko, egin klik hemen.

Iturria: KoopFabrika

Itzuli