“Anoetan bizi nahi nuke” prozesuan etxebizitza kooperatiben abantailaz hausnartu da

“Anoetan bizi nahi nuke” prozesuan etxebizitza kooperatiben abantailaz hausnartu da

2019/07/30

Prozesua 2019ko martxoan hasi zuen Anoetako Udalak, Dunak arkitekto taldearekin batera. Prozesu honen helburu nagusia Anoetan bizi nahi duten gazteei herrian bertan geratzeko aukerak eskaintzea da. Aukeren artean etxebizitzen erabilera-lagapeneko kooperatibak ere aztertu dituzte.

Martxoan etxebizitza beharren eta nahien inguruko diagnostiko bat egiteari ekin zitzaion. Horretarako, eskuorri batzuk banatu ziren eta herriko gune desberdinetan buzoiak jarri ziren, herritarrek dituzten nahi eta beharren jabe egiteko. Bertan etxe bila dabiltzan eta etxe jabeak direnei galdera zehatzak egin zitzaizkien, erosteko, saltzeko edo alokairurako asmoen berri galdetuz. Hala, informazio honekin, herritarrekin bilera desberdinak gauzatu zituzten Dunak taldekoek. Alde batetik etxea alokairuan edo erosiz lortu nahi dutenekin lanketa egin zen, egoera, beharrak eta ahalbideak aztertzeko. Eta bestetik, etxe jabeekin ere bilerak egin dituzte, ez alokatzearen arrazoia argitzeko.

Martxoan egin zen aurkezpenaren ondoren herriko gazteek Dunak taldeari eskatu zioten etxebizitza eredu berrien inguruko tailer bat antolatzeko, salmentarako etxebizitza babestu eta libreetatik edota ohiko alokairutik aparte beste aukera batzuk aztertzeko.

Hori dela eta, etxebizitza kooperatiben alternatiba ere aztertu dute. (ikus hemen GEZKIk antolaturiko jardunaldia)

Europa iparraldean edota Herrialde Katalanetan etxebizitzen erabilera-lagapeneko kooperatibak sortu dira. «Udalak politika batzuk bideratu ditzake, behe solairuetan edo baserrietan etxebizitzak egiteko edo etxebizitza handiak bitan banatzeko. Horretarako araudiak moldatzea ondo dago, baina gizarteari jarrera aldaketa bat eskatu nahi diogu, aktiboki parte hartu dezan etxebizitza ereduak zehazten eta adosten. Orain arte, zain egotea beste erremediorik ez dugu izan: merkatu bat dago eta alokatu edo erostea da guri esku hartzeko uzten diguten zirrikitu bakarra».

Anoetan, badago bestelako eredu bat garatzeko aukera. Beste herri askotan ez bezala udalak etxebizitza babestuak eraiki ahal izateko lurrak ditu. «Administrazioak lur horiek herritarren esku utzi nahi ditu eta etxebizitzara sarbidea ziurtatu nahi die anoetarrei, baina horretarako gizarteak antolatu egin behar du», azpimarratu du Telleriak.

Erabilera-lagapeneko kooperatiba osatzea da ereduetako bat. Donostian, adibidez, ari dira lanketa hori egiten Abaraska taldean. «Prozesua hasieratik bukaerara kooperatibako kideen esku geratzen da. Funtsean, etxebizitza nola eraiki behar den, bizigune bakoitzak zenbateko azalera behar duen, nolako espazio komunak eraiki behar diren... adosten dute denen artean. Urtebete edo bi urteko prozesua izan daiteke eta bidean komunitatea osatzen dute. Ikasketa prozesu garrantzitsua izaten da, elkar ezagutzeko eta bizi eredu burujabeak eraikitzeko».

Lan dezente dakarren prozesua da, baina Telleriak ikusten du horrelako dinamika bat abiatzeko aukera badagoela Anoetan: «Guk orain udalari ikerketaren ondorioak aurkeztuko dizkiogu eta kooperatibaren bat sortzeko aukera planteatuko balitz, prest geundeke laguntzeko, formazioa eskaintzeko eta beste lekuetako esperientziak hona ekartzeko». Beste etxebizitza eredu baten alde lanean hasteko prest dagoen masa kritikoa osatzeko, Tolosaldera zabaltzeko aukera aipatu dute Dunak taldekoek, «promozio hauek etxebizitza kopuru dezentea behar baitute errentagarriak izateko».

Euskal Herrian ere badaude esperientzia interesgarriak. «Komunean bizi nahi duten komunitateak osatzen ari dira Gasteizen edota Usurbilen, esate baterako. Jende askok galdetzen dio bere buruari nola zahartu nahi duen. Erresidentzia batean? Etxean bakarrik? Zahartze aktibo baterako komunitateak osatzeko lanketak egiten ari dira, biziguneak jende gazteagoarekin partekatuz. Anoetan sumatzen ditugu sinergia interesgarriak horretarako», nabarmendu du Telleriak.

Iturria: Anoetako Udala

Itzuli