Mundu mailako Gizarte Ekonomia Bilbon bildu da

Mundu mailako Gizarte Ekonomia Bilbon bildu da

2018/10/31

2.000 pertsona inguruk parte hartu zuten pasa diren urriaren 1etik 3ra Bilboko IV Global Social Economy Forumean (GSEF), garapen iraunkor eta barneratzaile baterako gizarte ekonomia, balioak eta tokiko lehiakortasuna sustatuz. Jardunaldian izan ziren nazioarte mailako hainbat erakundeetako ordezkariak, horien artean, ONU, OCDE, Europako Batzordea, OIT, ACI, CEPES, Social Economy Europe, etab.

GSEFa 2012an Seulen (Hego Korea) sortutako nazioarteko sarea da, Gizarte Ekonomiaren garapenarekin konpromezua duten Administrazioak eta tokiko gizarte zibila biltzen dituena. Helburu nagusiak kalitatezko enpleguaren sorrera, bidezko garapena, garapen jasangarria eta demokraziaren garapena dira. Giza duintasuna eta ekologia dira GSEFaren jarduera ororen oinarrian beharrizanez egon beharreko printzipioak.

Espainiar estatuko Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzaren ministro Magdalena Valeriok, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, CEPES eta Social Economy Europeko presidente Juan Antonio Pedreñok eta Euskal Gizarte Ekonomia Sarearen presidente Rosa Lavinek eman zioten hasiera 2018 urteko GSEFari.

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak Euskadik gizarte-ekonomiaren alde eginiko apustua aurkeztu zuen, osoko bilkuran; bertan, besteak beste, Ariel Guarco Alianza Cooperativa Internacionaleko presidenteak eta Slawomir Tokarski Europako Batzordeko Berrikuntzako zuzendariak ere parte hartu zuten. Sailburuak nabarmendu zuen ikuspuntu kualitatibotik gizarte-ekonomia Euskadin lurraldean errotutako enpresa-sektorea izateaz ez ezik, mundura zabalik ere badagoela, berritzailea dela, talentuari eusteko eta hura erakartzeko arduratuta dagoela, etengabeko ahalegina egiten duena I+G jardueran inbertitzeko eta, gainera, pertsonak erabakitzeko ahalmenaren erdigunean dituela, kalitateko enpleguari eutsi eta sortzen dutela eta zuzentasunez banatzen dutela sortutako aberastasuna.

Gizarte Ekonomiako eta Zuzenbide Kooperatiboaren GEZKI Institutua ere bertan egon zen, Liseth Diaz ikerlariak “Politika publikoetan praktika onen saioan, pertsonak: erakundearen ardatza”. Mahai ingur berean HUHEZI, ASLE eta Goiener ere bildu ziren.

Bestalde, CEPESeko eta Social Economy Europe-ko presidente Juan Antonio Pedreñok Gizarte Ekonomiako Europar planerako proposamena iragarri zuen.

Azkenik, Euskadiko kooperatibek 2018ko GSEF topaketan eginiko ekarpenak ikustarazi eta ezagutarazteko KonfeKoop (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa) ekarpen guzti horiek espazio bereizi batean biltzen ari da. Hemen aurki daiteke orain arte jaso duten guztia:  https://www.konfekoop.coop/GSEF2018/lang/es/

Iturria: GEEB, Irekia, KONFEKOOP, CIRIEC

Itzuli